Ariane KAMIO

Kudeaketa eredua zer nola egin

Salmahaietan, emanaldietan, hitzaldietan eta egitarauaren atzean ikusten ez dena Azokaren kudeaketa eredua da. Azken urteetan aldaketa nabariak izan ditu, eta etorkizunera begira ere jarri da. Nondik nora joan den eta norantz doan aztertu dugu lerrootan Gorka Julio Kabi@ko antolatzaileetako batekin.

Durangoko Azokak izen propioa du; edo, izena baino, izaera da urteroko zita honi nortasun propioa, independentea, ematen dion ezaugarria. Euskal kulturaren ezinbesteko geltokia, huts egin ezineko zita, lagunen arteko topagunea izan daiteke, norberak ezaugarritzen duenaren araberakoa. Ukaezina da, ordea, Durangoko Azoka urte osoko uztaren erakusleiho nagusia dela. Euskal kulturaren arnasa da, azken batean, Landako gunean bor-bor dabilena.

Jendetza hara eta hona. Kultura gose, literatur egarri, musika ziztada. Non aukeratua bada, zer begiratua bada eta zer erosia ere bai. Inurritegiaren kaleetan nora ezean ibiltzeko urteko aukera bakarra da abenduak ateak zabaldu berritan eskaintzen duena.

Durangoko Azokak, ordea, aspaldi utzi zion bere jarduera Goienkale, Barrenkale eta Artekaleko salmahaietara mugatzeari. Landako gunean bakarrik azokaratzeari. Azken urteetan Azokaren ereduak norabidea aldatu du eta nabarmena da aldaketa egitarauari begi-kolpea emate hutsarekin.

Agian, Ahotsenea izan zen eredu aldaketarako lehen pausoa. Azokaren gabeziak mahai gainean jarri eta euskarazko musika eta literaturari merezitako tokia emate aldera, kultura alorreko zenbait lagunek eragin zioten lehenengo aldiz Azoka biratzera eraman duen hauspoari. Lehenengo ufada izan zitekeen hura, auzolanean, elkarlanean, tokiko euskarazko sortzaileei Azokara begira jarri zen estreinako agertoki hura.

Denbora pasa da hastapen haietatik. Zazpi urte gutxi gorabehera. Eta egun koordinazio mahai bat dago antolakuntzaren oinarrian. Ahotsenea, Kabi@, Berbaro Elkartea, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea (Ehaze), Plateruena, Topagunea eta San Agustin Kulturguneko ordezkariak esertzen dira mahai horren bueltan.

Koordinazio mahaia hilabetean behin biltzen da, nahiz eta agenda gehiago estutzen den Azoka egunak gerturatu ahala. Gune bakoitzari (Areto Nagusia, Ahotsenea, Kabi@, Szenatokia, Saguganbara, Irudienea, Plateruena, Azoka TB) dagokion aurrekontua ematen zaio eta bakoitzak nahiko era librean osatzen du bere egitaraua, guztien iritziak eta proposamenak kontuan hartzen badira ere. Aurtengoan, bigarren urtez jarraian, eskolekin egitarau bateratua egin dute, guztiekin elkarlanean.

Kudeaketaren eta Azokaren ereduaren gogoetak mahai gainera ekarri ditu Kabi@ko antolatzaile Gorka Juliok. Eta ez du zalantzarik: gobernantza ereduaren aldaketa izan da giltzarri nagusietako bat. «Gerediaga Elkartearen urteetako lan eskerga izugarria izan da eta garrantzitsua da hori nabarmentzea. Hala ere, Azokak hartu duen forma berrian sakontzeko sortu zen gure eta Gerediagaren arteko koordinazio mahaia ezinbestekoa da. Horretan sakontzea da, nire ustez, bidea; irudikatzen zaila da hainbeste agente integratzen dituen ekimen gero eta konplexuago baten kudeaketa egokia egitea bestela», adierazi du.

Denboran atzera egin dugu une batez. 2013ko otsailera. Aiert Goenaga Durangoko Azokako zuzendariak urtebete eskas egin zuen karguan eta bere kaleratzea polemika iturri izan zen denbora hartan. «Aiertekin gertatutakoa ahaztu ezineko kontua bihurtu da niretzat», onartu du Juliok. Bere iritziz, aldaketa dagoeneko bazetorren, «Ahotseneak eta beste askok egindako ekarpenen ondorioz». Baina Goenagaren lanak «dena azkartu» zuela uste du.

Durangoko Azoka osatzen zuten eragileekin egindako elkarrizketa eta prozesuak erabaki zehatzak hartzeko «gida lerro garrantzitsua» izan ziren eta «plan estrategiko hori amaitzean, jende guztiaren iritzia biltzea zen Azokak eman behar zuen beste jauzi bat». Aiert Goenagak, une hartan zuzendaritzan zenak, aldaketa sakon horri ekin ziola dio Gorka Juliok, «oso denbora gutxian proposatzen ziren gauza asko martxan jarriz».

«Normala da egoera horretan batzuentzat ona zena, beste batzuentzat okerra izatea», gaineratu du. Nolanahi ere, «gauzak denboraz ikusten baditugu, Aiert arazoa ez zela ikusteko aukera izan dugu». Juliok esandakoaren arabera, Goenagaren kaleratzearen ondoren, arazoek bere horretan jarraitu dute, batez ere ekonomiari lotutakoek.

Indarrak batzearen alde agertu da, ildo horretan, guztiek elkarrekin erakunde publikoei Azokari ematen zaion izaera estrategikoaren pareko diru partida emateko eskatzeko. Jendarteak ere eman behar du berea; milaka alditan erakutsitako atxikimendua berrestea.

Urrengo urtea, kritikoa

Ez dago zalantzarik bisitarien aldetik Durangoko Azoka osasuntsu dagoela. Azken urteetako zifrek agerian utzi dute milaka direla Landako gunera gerturatzen diren euskal herritarrak. Datuei dagokienez, Azokak duen arrakasta ukaezina da Gorka Julioren begietan ere. «Eredu berriak Azokara joateko ehunka arrazoi edo aitzakia berri ematen ditu. Bada jendea behin baino gehiagotan ere etortzen dena edota, adibidez, familiarekin etortzeko beldurrik ez duena, jakin bai baitaki haurrentzat ere eskaintza dagoela, esaterako», dio.

Salmentetako zifrak ere gorantz doaz. Krisialdi ekonomikoa gain-gainean egonda ere, «salmenta datuak onak» direla uste du.

Baina etorkizunean, norabide berberean jarraituko al du? Gorka Julioren irudiko, hurrengo urtea kritikoa izango da. «50. urteurrena izaki, hurrengo urteetako azoka ereduaren sustraiak finkatuko diren urtea» izan daitekeela uste du. Eta hiru dira, bere iritziz, Azokak finkatu beharreko ardatzak: gobernantza ereduaren egonkortzea, kudeaketa ekonomikoaren birmoldaketa eta Azokaren hedapena; «fisikoa Durangon eta komunikatiboa munduan».

Horiez gain, ordea, beste bi elementu ere ezinbestekotzat jo ditu Azokaren biziraupena bermatu ahal izateko: «Jendartearen atxikimendu zabala eta etengabeko eguneraketa». «Bi horiek gabe, Azoka ez litzateke ezer orain edo ez litzateke ezer izango etorkizunean», nabarmendu du.

Kabi@: Izaera komertziala, komunitatea, kultura eta jendartea

Durangoko Azokan mundu digitalak zuen ikusgarritasuna handitzeko sortu zen Kabi@. «Kultura digitalak duen izaera anitza barne hartzen du horrek», dio antolatzaileetako Gorka Juliok.

«Kabi@-k Azokak duen izaera komertziala kontuan hartzen du, baina herriko edozein azokatan bezala, eztabaida, komunitatea, kultura zentzu zabalenean eta jendartea bere osotasunean hartzen ditu kontuan. Hori da bere filosofia. Mundu digitaletik datozen ideiak kulturaren parte dira, gure bizitzen parte zatiezina eta horiek aztertu eta landu nahi ditu», ohartarazi du.

Aurtengo berrikuntza nagusien artean, herri liburutegi digitalak daude. «BakalHau kolektiboak sustatutako proiektu honek herrietan liburu digitalak eskuratzeko aukera emango duten liburutegi digitalak hedatzea du helburu», esan du.

Bere hitzetan, «kulturaren atzipen unibertsalerako guneak izan dira liburutegiak orain arte. Aldiz, mundu digitalean kultura sozializatzeko aukera gehien dagoen momentuan, ezagutzaren hedapenari muga artifizialak jarri nahi dizkioten indarrak asko dira». Eta proiektu horrek hardware, software eta eduki libreen bidez eztabaida hori zabaldu nahi du. Zuzenean bertan herri liburutegi digitala probatzeko aukera ere izango dela esan du Juliok.

Baina Kabi@, etorkizunean zer izango da? «Orain arte Azokaren barnean hazi bada, beharbada aurrerantzean beste batzuen moduan amagandik independentzia aldarrikatu beharko du, nork daki?» Ariane KAMIO