Euskarazko zinemaren arrakasta: kasualitatea ala kausalitatea?
Euskarazko zinemagintzarentzat 2014a urte oparoa izan dela entzun dugu azken hilabeteotan, batez ere Donostiako Zinemaldian «Loreak» eta «Lasa eta Zabala» filmak sail ofizialean egon ostean. Batzuek diote euskarazko zinemak bere lekuari heldu diola. Besteek, aldiz, aurtengoa kasualitate gozoa baino ez dela izan uste dute. Sektoreko profesionalek euskarazko zinemagintza benetan oparoa izan dadin egiteko asko dagoela ziurtatu dute.

Euskarazko zinemagintzan sekula ahaztuko ez den urtea da 2014a. Euskaraz filmatutako bi pelikula, «Lasa eta Zabala» eta «Loreak», eman zituzten Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean. Bigarrenak, gainera, hatz puntekin ukitu zuen Urrezko Maskorra. Ibaia, Euskal Herriko Ikus-Entzunezko Ekoiztetxe Independenteen elkarteak, emandako datuen arabera, «Lasa eta Zabala» filmak 72.000 ikusle izan zituen zortzi astetan. Halako daturik ez omen da izan 2005. urtetik, sarreren salmenta %35 handiagoa zenean. «Galdutako ikus-entzuleen zati bat berreskuratzea lortu da», diote Ibaiakoek. «Loreak»-i dagokionez ere, milaka izan dira Urrezko Maskorraren lehian aritu den euskarazko lehenengo filma ikustera joan direnak eta pelikulak entzutea izan du London Film Festival, Zurich Film Festival edota Tokyo International Film Festival gisako jaialdietan.
Horrek guztiak euskarazko zinemagintzak une gozoa bizi duela eta onbidean doala pentsatzera eraman du ikus-entzulea. Ekoizleek, ordea, ez dute horren argi. Euskarazko zinemagintzak 2014an arrakasta izan duela eta arrakasta horrek, gainera, ikusle zein kritikaren babesa jaso duela onartuta ere, argi dute euskarazko zinemagintzaren aldeko apustu garbirik egiten ez bada hurrengo urteetako uztak ez duela emaitza bera emango. «Ikuspegi kultural, ekonomiko eta sozialetik sektore estrategiko honen alde behin betiko apustu egiteko une egokia dela uste dugu», ziurtatu dute.
Irusoin ekoiztetxeko kide eta «Loreak» filmaren ekoizle Iñaki Gomezen iritziz, Jon Garañoren eta Jose Mari Goenagaren pelikula Zinemaldian egotea «hito historikoa» da. «Lehenengo aldiz historian euskarazko pelikula bat Donostiako Zinemaldian, A kategoriako zinemaldi batean, eta, gainera, sekzio ofizialeko lehiaketan egon da. Etxean halako arrakasta izatea zaila izaten da, eta objektiboa da esatea meritu propioz egon dela, hedabide espainolek ere goraipatu duten proposamena baita», dio. Mediatikoki zein zinema aretoetan «Loreak»-ek izan duen presentzia lortzea «harrigarria» egin zaiola dio.
Atzera begiratuta, euskarazko filmen suspertzearen lehen hazia 2005ean jarri zela uste du Gomezek, «Aupa Etxebeste!»-rekin batera. Haren atzetik etorri zen «Kutsidazu bidea Ixabel» eta, 2008an, indartze berri bat izan zen ekoizle independenteek, «Jaurlaritzaren laguntzaz, ETB Europatik zetorkion legedia betetzera derrigortu eta hitzarmen bat sinatzea lortu zutenean». Gomezek azaldu duenez, lege horrek ETB euskal zineman -ez derrigorrez euskarazkoan- aurrekontu osoaren %6 inbertitzera derrigortzen du.
Ibaiako presidente Joxe Portelaren hitzetan, handik aurrera «urtero euskaraz filmatutako bi pelikula egin dira». Portelak «kasualitate» hitza darabil aurten euskarazko zinemak eman duena deskribatzeko: «Alde batetik, uste dut euskarazko zinemagintza sendotu egin dela akordio horren haritik eta pelikulak egin direla, batzuk onak eta besteak ez hain onak, baina jarraipen hori beharrezkoa da kalitatea lortzeko. Horretxegatik, aurtengoa kasualitatea dela uste dut. Ez da normala Donostiako Zinemaldian euskarazko bi film sail ofizialean egotea, proportzio handia baita, eta etorkizunean ere ez da normala izango». Zinemaldiko zuzendaritza batzordearekin hitz egindakoa ere aipatu du: «Pelikula mordoa ikusten dituzte, hemengo guztiak ere bai, noski, eta esaten dute ikusten dela azkeneko urteetan maila gero eta hobea dela zentzu guztietan: teknikoki, aktoreen lana, gidoia... Nolabait, euskarazko zinemagintza sendotzen doala. Baina, noski, horrek aurrera jarraitzeko mantendu egin behar da eta aurtengo emaitza ETB hobeto egon den urteen emaitza izan da».
Gomezek ere euskarazko zinemagintzak «denbora gutxian oso bide luzea» egin duela uste du, baina bidea urratzen jarraitzeko inbertsioak ezinbestekoak direla. Adibide gisa, «Loreak»-en izandako esperientzia aipatu du: «Europan, edozein pelikula finantzatzea ikaragarri zaila da. Zeresanik ez pelikula euskaraz egin nahi duzunean. Ikaragarri zaila. Guk TVEk ere parte hartzea lortu genuen, `Loreak' gazteleraz emititzeko eskubideak erosi zituen, eta horri esker lortu zen finantziazioa. Kontuan hartu behar dugu guk egiten ditugula munduko pelikula merkeenak eta, hala ere, proiektu askok ez dutela aurrera egitea lortzen. Nire iritzi pertsonalean -jarraitu du-, euskarazko zinemagintzak askoz ere apustu estrategiko inportanteagoa behar du. Instituzioen zein herritarren aldetik, azken hauek ere konpromiso maila handiagoa eskaini beharko lieketelako euskaraz proposatzen diren edukiei. Batez ere kalitatezko proposamenak direnean, noski».
Portelak kalitatezko zinematografiak aurrera egiteko jarraipena ezinbestekoa dela uste du eta, horretarako, dirua behar dela: «Hor aurreikusten dugu arazo larriena. Momentu honetan ETB nahiko ahulduta dago eta aurrekontuak beheraka doaz, eta Jaurlaritzak zinemarako ematen dituen diru-laguntzak ez dira gora joan, alderantziz baizik. `Lasa eta Zabala' eta `Loreak', esaterako, orain hiru urte hasi ziren egiten, eta maila horretan jarraitu nahi badugu diru iturri horiek sendotu eta finkatu egin behar dira. Euskarazko filmen kasuan iturri nagusiak Jaurlaritza eta ETB dira, hori argi dago. Horiek mantentzen badira eta gora egiten badute, gero eta pelikula hobeak ikusiko ditugu, egitearen egiteaz profesional hobeak izango ditugulako. Hori egiten bada urte honen emaitzak berriro lortzeko aukera egon daiteke, baina, bestela, ez dut argi ikusten».
Batez beste euskarazko fikziozko filmen aurrekontua bi milioi euro ingurukoa dela azaldu du Portelak. Alde horretatik, gertaera zehatz batetik abiatutako fikzioek dokumental izaten amaitu ohi dutela azaldu du, «askoz merkeagoa delako. Horretxegatik, batzuetan nahiz eta ideia onak eduki, atzera egin behar izaten da».
Etorkizunari begira, zalantzak jarri ditu mahaigainean. «Nik uste dut ikusi eta frogatu dela ahalegina egiten denean eta horretarako dirua gastatzen denean, emaitza onak lortzen direla. Horrela sortzen dira zuzendari, gidoilari eta, orokorrean, profesional onak. `Loreak'-en kasua da: Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño horrela hasi ziren, film laburrak egiten... lantzen, lantzen eta lantzen. Gauza bera suertatzen da beste teknikariekin, musikariekin, argazkilaritza taldearekin... Jarraipena eman behar diegu, hemen etorkizunik bilatu ez eta Madrilera alde egin ez dezaten».
Euskarazko ekoizpenez gainera, zinema aretoetan egiten diren euskarazko proposamenez ere aritu da Gomez: bikoiztutako eta azpidatzitako filmez. «Onartezina da gure herri eta hirietako zinemetan ume eta gaztetxoentzat eskaintzen den %99 gazteleraz edo frantsesez izatea. Eta hori erakundeen ardura da. Egun gurasoek ezin diete euren haurrei gainontzekoek ikusten dituzten edukiak euskaraz eskaini. Ez zinema aretoetan, ez telebistan ez beste edozein euskarritan. Eta badirudi ez dela ezer gertatzen, hau hamargarren mailako kezka dela hiritar eta erakundeetan. Eta baita hedabideetan ere».
Gero eta fikzio gutxiago ETB-n
Euskarazko zinemagintzak egoera korapilatsua bizi duela uste du Ibaia elkarteko presidente Joxe Portelak, baina oro har euskarazko fikziogintza bera krisian dagoela ziurtatu du. «Gero eta fikzio gutxiago egiten da ETBn eta hori nahiko arriskutsua da. Oraingo aktore ezagunenen artean, adibidez, Barbara Goenaga, Unax Ugalde, Gorka Otxoa, Josean Bengoetxea... gehienak Madrilen daude, hemen gero eta fikzio gutxiago egiten delako. Horrela jarraitzen badugu, aktore berriak edukiko al ditugu?». Sektoreko gainerako profesionalek ere euren burua Euskal Herritik kanpora joatera derrigortuta ikusten dutela uste du, eta ETB1 indartzen ez bada horiek «etorkizun zaila» dutela ziurtatu du. «Programa merkeak egiten ari dira, debateak eta tankerakoak, eta aurrekontuak fikziora bideratzen ez badira, hemengo profesionalek etorkizun zaila dute». A. A.

Imputan a tres concejales del PNV de Getxo y tres técnicos por el derribo del palacete

Tortura jasan eta ozen salatu zuen Susana Atxaerandio gasteiztarra zendu da

Euskal Estatuaren oinarriak jartzeari ekin dio Sortuk, egitekoa eta zuzendaritza eraberrituz

Esteban se arrepiente de haber ridiculizado el caso de Getxo pero el PNV sigue minimizándolo

