naiz
Donostia

Etxeratek larunbatean Bilbora joateko deia luzatu du zigor pilaketei aurre egiteko

Datorren asteartean, urtarrilak 13, espainiar Auzitegi Gorena zigor pilaketak aztertzeko bilduko da eta «amarru legal» honen aurrean erantzuna eman eta larunbatean Bilbora joateko deia luzatu du Etxerat elkarteak «giza eskubideak errespeta ditzaten».

Etxeratek Donostiako epaitegien aurrean egin du agerraldia. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Etxeratek Donostiako epaitegien aurrean egin du agerraldia. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Urtarrilaren 13an espainiar Auzitegi Gorena bildu egingo da zigor pilaketak aztertzeko. Hau dela eta, Etxeratek agerraldi bat burutu du Donostian. Bertan, larunbat honetan Bilboko kaleak betetzeko deia luzatu nahi izan dute, «Espainiako erreinuak tranpa eta amarruen aldeko apustua» aztertuko dituen data baino hiru egun lehenago.

«Tranpen alde egin dezake ala salbuespen neurriak deuseztatzen hasi daiteke», azaldu dute Etxerat elkarteko kideek. Era berean, gogoratu dute ebazpena publiko egiterakoan, «giza eskubideen errespetuaren alde edo Europako lege baten kontra» egingo dutela. Zentzu honetan, neurri horiek 56 pertsona zuzenean kaltetzen dituztela adierazi dute, baina haien atzean «56 familia» daudela azpimarratuz. «Espetxe politika gure herriaren aurka erabiltzen ari dira», nabarmendu dute.

‘Parot doktrina’ delakoa ere ekarri dute gogora, Estrasburgotik iritsitako aginduekin eta espainiar Estatuak hauen aurrean izan duen jokabidearekin. Orain ere, «mendekua helburu» legeak moldatzea leporatu diote Mariano Rajoyren Gobernuari.

Hori salatze aldera, «eta betiko horrelakoekin amaitzeko», Bilbora joateko deia zabaldu dute. «Zita bat daukagu gureak diren eskubideak, giza eskubideak, errespeta ditzaten». Honela prozesuan aurrera pausoak ematea dute helburu: «Dispertsioarekin eta salbuespeneko legediarekin amaitzeko unea da», amaitu dute.