Arantxa MANTEROLA

152 hautagai izango dira Euskal Herrian martxoko bozetan

Martxoaren 22 eta 29an Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseilurako bozetarako hautagaitzak ofizialki onartu dira. Hala, 12 euskal kantonamenduetan, orotara 76 bikote aurkeztuko dira eta, estreinakoz, FN alderdi eskuindarrekoak ere presente izango dira guztietan. Bozetan, eserleku guztiak berrituko dira eta legealdiak sei urte iraungo du, 2021 arte.

Hainbat gorabehera eta ezusteko izan dira hautagaitzak finkatzeko azken asteotan, baina dagoeneko euskal kantonamen- duetan aurkeztuko diren hautagaien izenak eta beren joera politikoa jakinarazi dira ofizialki. Orotara 152 gizon-emakumez osatutako 76 bikote aurkeztu dira 12 euskal kantonamenduetan.

Biarritzeko kantonamenduan izango da hautagai gehien lehian, bederatzi bikote, hain zuzen ere. Donibane Lohizunekoan zortzi eta Hendaiakoan, Euskal Mendian eta Uztaritzekoan zazpina aurkeztu dira. Baiona 1, 2 eta 3 izenekoetan eta Errobi-Aturrikoan berriz, seina bikoteen artean hautatzeko aukera izango dute bertako boto-emaileek eta bosna Angelukoan eta Baigura-Arranomendi kantonamenduan. Azkenik, Bidaxune-Amikuze-Oztibarre kantonamenduan lau hautagai parek aurkeztu dute beren burua kontseilari izateko.

Kantonamendu batzuetan, kostaldekoetan nagusiki, joera politiko bertsuko bikote bat baino gehiago aurkeztu dira, batez ere zentro eta eskuinekoak, baina beste tendentzietakoak ere bai. Aipatzekoa da, ez zela iritsiko uste bazuen ere, azkenean Fronte Nazionalak hautagaiak izango dituela, lehenengoz, euskal kantonamendu guztietan. Gainerako alderdiek kezka agertu dute eskuin muturreko indarrak eskuratu ditzakeen boto kopuruengatik.

Orain arte Kontseilu Nagusiko bozak hiru urtero egiten ziren eta hauteskunde deialdi bakoitzean eserlekuen erdiak berritzen ziren. Datozen bozetan, eserleku guztiak berrituko dira eta legealdiak sei urte iraungo du, 2021 arte alegia.

Gainera, oraingoan kantonamendu gutxiago badira ere (lehen 21 ziren) hautetsien kopurua emendatu egingo da, bakoitzean bina kontseilari izango baitira. Gainera, lehen aldiz Paueko Kontseiluan emakume eta gizonezkoen arteko egiazko parekotasuna lortuko da, hautagaiak bikoteka aurkeztu beharko baitira, eta beren ordezkoek ere sexu berekoak izan beharko dutelako. Hori bai, bikoteak ez du zertan talde politiko berekoa izan.

Beste nobedade bat da bi itzulien artean ezin izango direla hautagaien arteko fusioak egin. Hortaz, alderdien arteko akordioak lehen itzulitik ondo finkatuak egon beharko dira.