Ramon SOLA

AUZI POLITIKOAK, AMAITZEN EZ DEN SOKARI TIRAKA UDAZKENEAN

Ate joka den udazkena ez da soilik Katalunia eta Estatuko hauteskundeena izango. Jazarpen politikoaren ilara luzeak ere beste bi katebegi garrantzitsu askatuko ditu: Segura eta Askapena. Ekini eta presoen eskubideen aldeko lanari lotutakoak faltako lirateke gero.

Oraindik ez da amaiera gertu ikusten, baina duela hamazazpi urte indarrean jarritako “Dena da ETA” tesian oinarritutako auzi politikoen zerrenda luzetik sumarioen siglak zein euskal herritarren izenak ezabatzen doaz, astiro-astiro. Datorren udazken honetan 40 lagun eseriko dituzte Auzitegi Nazionaleko aulkian, urrian Askapenaren aurkako epaiketan eta azaroan Segurako sarekada oinarri eraikitakoan. Aldi berean, auzion ondorioz kartzelatutako hainbat herritar oso ezagun kalera aterako dira, zigorra oso-osorik bete ondoren.

ETAren jarduera armatuaren behin betiko amaierarekin 2011ko urrian Euskal Herrian agertoki berria ireki zenetik, 150 lagun inguru epaitu dituzte ekinbide politiko hutsagatik, ia guztiak aurretik gertaturiko sarekadak abiapuntu izanik. Kasu batzuetan auzipetu guztiak errugabe atera dira: esaterako, 2012ko ekainean D3M eta Askatasuneko 11 kideak; 2014ko hilabete berean 40 euskal gazte independentistak, makroauzi politiko hauek goitik behera biluztu zituen epai baten bitartez; eta pasa den ekainean ere, Iruñerriko 10 gazteak. Beste hainbatetan, ordea, zigorrak pilatu egin dira: adibiderik gertukoena, 35/02 auzia, espetxe zigorrekin batera 107 herriko taberna konfiskatzeko agindua ekarri duena.

Azken epai hori erreferentzia harturik, Batasuna, EAE-ANV edota EHAK-ko 35 lagunen aurkako makroepaiketak astindu berria ekarriko du arazoaren 12tik aurrera. Ez dago garbi zenbat iraungo duen, baina Gabonetara heldu arteko egitaraua finkatu du auzitegiak, eta, ondorioz, segur aski abenduan egingo diren Estatu mailako hauteskundeekin batera garatuko da epaiketa.

Oroitu behar da urtarrilean hastekoa zela epaiketa baina ordu gutxi batzuk lehenago auzipetuen hainbat abokatu atxilotu egin zituztela eta horrek ezinbestean atzerapena eragin zuela. Euskal independentismoaren aurka azken bi hamarkadotan egindako hirugarren epaiketa handiena izango da honako hau, 18/98 sumariokoa eta 40 gazteren aurka egindakoaren ondoren. Baina hori baino kezkagarriagoak dira oraindik espetxe eskaerak, sei eta hamar urte artekoak. Hasier Arraiz Sortuko presidentea bera ere akusatuen artean da, legebiltzarkidea delako Bilbon epaituko badute ere, hurrengo urtean seguruenik.

Hilabete bat lehenago, urriaren 19tik aurrera, Askapenaren aurkako auzia helduko da Madrilgo epai aretora. Bost militante internazionalista sei urterako kartzelatu nahi dituzte; hori gutxi ez eta Askapena bera, Askapeña Bilboko konpartsa eta beste bi elkarte legez kanpo utzi nahi dituzte. Epaiketak bi aste iraungo dituela aurreikusten da eta abian da dagoeneko epaiketaren aurkako kanpaina.

Ekin eta presoen aldekoak

Auzitegi Nazionaleko aulkietan esertzear diren 40 lagunen ondoren, beste dozenaka batzuk ere badira zain oraindik. Urratsez urrats aurrera doaz, esaterako, Ekin erakundean parte hartzea egotzita garatu ziren sumarioak. Iaz hamabost lagunen aurkako auziperatzearen berri eman zuten auzitegi bereziak urte amaieran. Eta, ekainean, Fiskaltzak hainbat akusazio larri zehaztu zituen. Ugaitz Elizaranen aurka, esaterako, hamabi urteko kartzela zigorra eskatu du. Beste zortzi lagun bederatzi urtez espetxeratu nahi ditu Fiskaltzak. Ohi bezala, AVT edota Dignidad y Justicia bezalako talde ultraeskuindarrek are eta zigor gogorragoak eskatu dituzte.

Presoen abokatuen aurkako oldarraldia ere 2011 baina lehenagokoa da. Duela urtebete, hamar lagun auziperatu zituen Javier Gomez Bermudez epaileak, tartean espetxean diren Arantza Zulueta eta Jon Enparantza. Eztabaida legal sakona ekarri du auziak. Defentsaren ustez, akusazio guztiek CNI Estatuko espioitza zerbitzuek beren funtzioak gaindituz egindako legez kanpoko ikerketak dituzte iturburu, eta, ondorioz, auzia bertan behera utzi behar da. Sumario osoa deuseztatzeko lau arrazoi ezberdin jarri ditu mahaia gainean defentsak, baina, hala ere, momentuz, aurrera darrai auziak.

Bizirik dira, azkenik, 2011tik hona egindako hiru polizia sarekada nagusiekin lotutako auziak, hirurak euskal presoen eskubideen aldeko lanarekin lotuak. 2013ko irailean, Herrira mugimendua jopuntuan, hamazortzi herritar atxilotu zituzten eta erakundea bere debekatu zuen Auzitegi Nazionalak. 2014ko urtarrilean, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa laguntzen ari den taldearen aurka bortizki egin zuen Estatuak, zortzi lagun atxilotuz. Eta aurten bertan, presoekiko elkartasun ekonomikoaren aurkako erasoa izan da beste sarekada handi baten bitartez: hamazortzi lagun eraman dituzte kalabozoetara.

Azkenik, «ETA gorestearen» akusazioa argudio hartuta –Internet bitartez, presoen argazkiak erakutsiz...– oraindik epaitzeke dauden beste dozenaka auzi txiki daude zabalik.

 

Bateraguneko lehenengoak, salutregi edota elkoro, zigorra agortuta

Kartzelatze berrien arriskua bertan dela, kontrako norabidean, espetxealdia agorturik hainbat lagun esanguratsu aske geldituko dira hurrengo udazken honetan ere. Esaterako, kalera ateratzeko ordua du ‘‘Egin” egunkariko zuzendari izateagatik zazpi urte eta erdiko zigorra jasan duen Jabier Salutregi kazetariak. Burgosko kartzelan dago gaur egun. Bera elkarrizketatu duen Vicenews kanalak nabarmendu duenez, «Europar Batasunen preso dagoen egunkari baten zuzendari bakarra da Salutregi».

Aske gelditzeko zorian dugu Jose Luis Elkoro bergararra ere. Elkorok ere bere larruan ordaindu du ‘‘Egin’’&flexSpace;bultzatu izana. 80 urte ditu Elkorok eta osasun arazoak direla-eta 2010etik etxean ari da zigorra betetzen, baina kontrol neurrien eta gainerako murrizketen pean. Orain guztiz libre geldituko da azkenik ezker abertzaleko militante historikoa.

Bateragune auziko presoen kasuan guztiz islatzen da ekinbide politiko hutsari dagozkion zigorrak ere azken muturreraino eramaten direla. Urriaren 13an sei urte beteko dira ezker abertzalearen estrategia berria sustatzen ari ziren Arnaldo Otegi eta bere lagunak Donostian atxilotu zituztenetik, eta horixe da hain zuzen ere (sei urte) Arkaitz Rodriguezi, Sonia Jacintori eta Miren Zabaletari ezarri zitzaien zigorra. Kalera atera beharko dituzte, beraz, egun hori heldu baino lehenago.

Otegiren kasuan, aipatutako hiru lagunek baino sei hilabete gehiagoko kondena du, eta, beraz, aukerarik okerrenean 2016ko udaberrira arte luza dezakete bere Logroñoko kartzelaldia. Santoñako espetxean den Rafa Diezek ere zigor bera du (baina urte eta hilabete batzuk eman zituen kalean, oraindik auzia epaitu gabe zen garaian).R.S.