Kublai Khanen oroimenak batzen ditu XXI. mendeko mongoliarrak
Kublai Khan mongoliar enperadorearen ondorengoek zatitutako herri bat osatzen dute gaur egun. Batzuk Mongolian bizi dira eta besteak, Txinak bereganatu zuen eremuan. Gengis Khan-en, Mongoliako inperioaren sortzailearen, bilobak batzen ditu gaur egun.

Zortzi mende pasatu dira munduak ezagutu duen inperiorik handiena eraiki zuen gizona jaio zenetik. Haren oroimena bizirik dago gaur mongoliarren artean, Mongolian bertan zein Txinak bereganatu zuen hegoaldeko eremuan.
Ulan Bator Mongoliako hiriburuak hartu zituen atzo Kublai Khanen jaiotzaren zortzigarren mendeurreneko ospakizunak. Txinan, berriz, enperadorearen ohorez eraikitako estatua bat jarri zuten. Izan ere, Gengis Khanen biloba inperioaren buru zela, horrek sekulako dimentsioak hartu zituen: Koreako penintsulatik Europako ekialdera, Persia eta Iraketik barrena. Bere anaia Mangu 1259an hil zenean hartu zuen khan titulua. Aitonak hasitako Txinako konkista burutu zuen eta Yuan mongoliar dinastia sortu zuen Txinan, han etniakoa ez den norbaitek sortutako lehenengoa.
Mongoliako inperioaren administraziogune bihurtu zuen Txina, eta Khanbaluken (egungo Pekinen) ezarri zuen hiriburua. Japonia konkistatzen ahalegindu zen, baina ez zuen lortu. Erlijio-aniztasuna onartu eta kultura suspertu zuen. Marco Polo 17 urtez egon zen Kublai Khanen gortean. 89 urteko iraupena izan zuen Yuan dinastiak, eta ondoren Txinak Mongolia konkistatuko zuen.
XX. mendeko gertakizun geopolitikoek (Txinako inperioak porrot egin izanak eta Sobietar Batasunaren sorrerak) eragin zuten Mongolia independente bat eratzea, Moskuren babespean.
«Kublai Khani, mongoliarra izanik, asko kostatu zitzaion Txina bereganatzea, baina azkenean Txinako enperadore bihurtuko zen», John Man adituak France Presse agentziari esplikatu dionez. Txinako kulturaren elementu asko bereganatu zituen Khanek.
«Historiak eskaintzen dizkigun ironia handi horietako bat da: gaur egungo Txinaren mugak, Mongoliakoak ez ezik, iparraldeko barbaro batek margotu zituen, Kublai Khanek hain zuzen», John Manek esan duenez. Munduko zibilizaziorik zaharrena omen den Txinak berehala egokitzen ditu bere inbaditzaileak, «txinatar» bihurtzeko, XVII. mendetik aurrera (1644-1911) nagusi izan ziren mantxuekin egin zuen moduan.
Gaur egungo Mongoliako Estatuak hiru milioi biztanle inguru ditu. Kopuru hori bikoizten dute Txinan bizi diren mongol etniako kideek.
Zatituta bizi ziren beste herri batzuek bat egitea lortu izan dute, Alemaniarekin gertatu den moduan. Baina mongoliar ameslari batzuek izan ezik, inork ez du uste mongol etniakoek bat egingo dutenik, Mongolia bera ahulegia baita, eta ekonomikoki Txinaren sekulako mendekotasuna duelako, Ulan Batorreko Atzerri Gaietako Institutuko Shurkhuu doktoreak nabarmendu duenez. «Oso gai korapilatsua eta politikoki delikatua da, batez ere Mongoliako politikarientzat», France Pressi adierazi dionez.
Harrotasuna mugaren bi aldeetan
Mugaren bi aldeetako mongoliarrek harrotasun bera sentitzen dute historiako mongoliar ezagunenen aurrean. «Gengis Khan da mongoliar guztien arbaso», dio Txinako Barne Mongolian eraikitako mausoleoko gidariak. Bertan ehortzita omen dago Kublai Khanen aitona, baina atzerriko historialariek diote haren hilobia ez dela inoiz aurkitu. Edonola ere, gidariak garbi dauka mugaren bi aldeetako mongoliarrek herri bakarra osatzen dutela, nahiz eta idazkera ezberdinak erabiltzen dituzten: «Beraiek (Mongoliakoek) uste dute gu baino gehiago direla, beraiek direla benetako mongoliarrak eta gu txinatartuta gaudela».
Hada mongoliar etniakoa da eta hogei urte egin ditu Txinako espetxe batean preso. Iazko abenduan aske utzi zuten. Berak dio Txinako agintariek baztertu egiten dituztela mongoliarrak, gutxiengo etniko bihurtu dituztela. «Ez dago zalantzarik: mongoliarrak herri handi bateko kideak gara», idatzi du azken egunotan AEBetan egoitza duen Txinako mongoliarren eskubideen aldeko elkarte bateko webgunean. Bere ustez, Pekingo agintariek mongoliarren nortasuna eta horiek beren buruan duten konfiantza ahuldu nahi dituzte, beren askatasunaren alde borrokatu ez daitezen.
Pekinek ekarritako aurrerapena eta tamur artzaina
Pekingo agintariek ez dituzte onartzen mongoliarrek mahaiaren gainean ipinitako argudioak eta Txinak bertara eramandako «aurrerapen ekonomikoa» eta gutxiengoek gora egin izana nabarmentzen dute. Hala ere, mongoliar artzainek protestak egin izan dituzte, meatzaritzak beren lurrak suntsitzen dizkielako. Horietako batek, Tamurrek, bere burua urkatu zuen orain hilabete batzuk, eta kasuak sekulako oihartzuna izan zuen Barne Mongolian. «Je suis Tamur» (ni Tamur naiz) idatzi zuen Ulan Batorren txarteltxo batean Munkhbayar Chuluundorj ekintzaileak, Parisen “Je suis Charlie” lelopean egin ziren mobilizazioak gogora ekarriz. Bere ustez, Tamur ugari dago Txinaren mendean dagoen Barne Mongolian.Kelly OLSEN

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

Herri Norte rechaza las agresiones sexuales e instituciones piden que se aclaren los hechos

La "Y vasca" acumula 2.200 millones de sobrecostes y 20 años de retraso

Euspel pide 4 años y medio para los antifascistas y ELA acusa a Lakua de proteger a Falange
