Jose Angel Oria

Klima aldaketa

Parisen egin berri den klimari buruzko goi bileraren aurretik adituek nabarmendu bezala, itsasoen mailak gora egiten jarraitzen du eta milioika lagunek euren etxeak utzi beharko dituzte hurrengo hamarkadetan. Bangladesh bezalako herrialde lauetan egoera oso larria da, batez beste 12 metroko altuera izanik oso zaila baita itsasoari aurre egitea.

Bangladeshko Kutubdia uhartean bizi da Hamida Begum. Dagoeneko ez ditu zenbatzen bere etxea utzi behar izan dituen aldiak, baina berak bertan jarraitzen du, oraingoz behintzat, nahiz eta bizilagunek galdutzat eman zuten itsasoaren mailaren igoeraren aurkako borroka, eta, ondorioz, alde egin zuten. «Noizbait neure etxea ere urak eraman dezake eta beldur naiz. Montzoia hasten denean hemen bizitzerik ez da izaten», esplikatu du lau seme-alaba dituen emakumeak, adobezko etxolaren aurrean. Bere etxebizitza da auzoan zutik irauten duen bakarra. «Baina gure lurra da eta bertatik alde egiteko dirurik ez daukagu», esplikatzen du.

Kutubdia uhartean 100.000 pertsona inguru bizi dira egun. Zientzialariek iragarri dute uharte osoa desager daitekeela datozen hamarkadetan, klima aldaketaren eraginez itsasoaren maila gora egiten ari baita. Jada milaka lagunek ihes egin dute uhartetik: gehienak Dhaka hiriburura joan dira, bestela ere biztanle gehiegi dituen hirira. Kutubdiatik 80 kilometro eskasera den Cox’s Bazaar hiriko etxola auzo batera joan dira beste asko.

Ozeanoetako estatuak

COP21 Parisen egin berri den klimari buruzko goi-bilera hasi aurretik adituek nabarmendu zutenez, itsasoen mailak gora egiten jarraitzen badu, uhartez osatutako hainbat estatu txiki desagertu egingo dira.

Baina arazoa larriagotu egiten da leku batzuetan, esaterako, Bangladesheko dozenaka uhartetan eta itsasertzeko eremu batzuetan, munduko herrialderik lauenetakoa baita. «39 milioi pertsona bizi diren itsasertz luzea dugu», esan dio AFP agentziari Kamal Uddin Ahmed Ingurumeneko estatu idazkariak. «Populazio hori beste leku batzuetara eraman behar badugu, sekulako lana egin beharko da». Tankerako hausnarketak egiten dituzte arazo bera duten beste leku askotan ere.

Kutubdian bertan saiatu izan dira itsasoari eusten. Agintariek dikeak eraiki zituzten uholdeei eutsi nahian. Baita montzoia hasten denean izaten diren zikloiei aurre egin ahal izateko babeslekuak ere. Izan ere, montzoia iristen denean, Bengalako golkoko eremu horretan bizitzerik ez da izaten, gerran dauden tokien itxura hartzen baitu.

Ganges eta Brahmaputra ibaien itsasoratze deltan kokatuta dago Bangladesh, eta urteroko montzoi eta zikloien menpean dago. Herrialdea laua da oso, batez besteko garaiera 12 metrokoa izanda, eta eremuaren %10 gutxi gorabehera itsas mailaren azpitik dago. Itsas maila metro bat igoko balitz, herrialdearen erdia ur azpian geratuko litzateke.

Olatuen aurka borrokan

Kutubdia uharteko herritarrek itsasoaren aurkako borroka galduta dute ordea. Azken 30 urteotan irlak bere azaleraren laurdena galdu du. Olatuei eusteko eraikitako hormigoizko blokeak erorita daude kasu gehienetan, eta beste batzuk hondarrak estalita geratu dira, urak uhartea inbaditzen duen heinean. «Olatuak itzultzen diren bakoitzean etxea utzi eta barrualdean bizi den norbaiten etxera joan behar dugu. Gero alokairua ordaindu behar dugu, jakina. Guretzat gogorra bezain garestia izaten da horrela ibili behar izatea».

Hamida Begumek gutxienez badu etxea. Uharteko beste herritar batzuk okerrago daude. Lutfun Nahar, esaterako, bere aitaren etxean bizi da, orain hiru hilabete ekaitz batek berea suntsitu zuenetik. «Euritea hasten zenerako babesleku bat aurkitu behar genuen, baina kasu honetan urak oso-osorik eraman zuen etxea», kontatu du 43 urteko emakumeak.

Kutubdia uharteko 40.000 biztanle inguru Cox’s Bazaar hirira joanda daude dagoeneko. Bertan metalezko txapekin egindako etxoletan bizi dira, zaborra nagusi den eremuetan. Uhartea utzita ere, askok arrantzan jarraitzen dute, horixe baita gehienen ogibidea. Arrainak lehortzen jartzen dituztenean, sekulako usaina izaten da. Beste asko ontzigintzan aritzen dira 120 kilometroko hondartza (munduko luzeena) duen hirian.

Iheslarien kezka

Nur Husain 2012an iritsi zen Cox’s Bazaar hirira. Bertan kafetegi bat zabaldu zuen eta bezero gehienak Kutubdiatik etorritakoak dira. Une honetan bere kezka nagusia da egungo etxea ere aurki utzi beharra izango duela, inguruan hotel asko eraikitzen hasiak dira-eta. Turismoaren industriak bertako aireportua handitu nahi du, negozio hobea egin ahal izateko, munduko hondartzarik luzeenaren aitzakiapean. «Itsasoko jendea gara. Egiten dugun guztia itsasoarekin lotuta dago. Nora joan ez daukagu», adierazi du Nur Husainek.

Itsasoak mehatxatuta dauzkan beste leku askotan tankerako kezkak dituzte: edozein momentutan etxea utzi beharra izango dutela. Beraien herrialdeek bat egin dute, klima aldaketaren aurkako borrokan bat eginez gero indar gehiago izango dutelakoan. Horrela sortu zuten V20 taldea, herrialde industrializatuenen G20 taldearen alternatiba moduan.

Orain sei urte Kopenhage Danimarkako hiriburuan egin zen klimaren goi bilera ez zen uharteetako estatu txikien gustuko izan, baina Parisen (lerrook idazteko momentuan, joan den ostegunean, ez dago jakiterik nola amaituko diren negoziazioak) badirudi giroa askoz hobea dela eta estatu askok bat egin dutela beroketa globalari 1,5 graduren azpitik eusteko helburuarekin. Aurreratu dela dirudi.

Doha Qatarreko hiriburuan 2012an egin zen COP18 goi-bileran 2 graduko muga hori ezarri zen, Lurra hortik gora berotuz gero, ondorioak ikaragarriak izango liratekeelakoan. Baina bi graduko marka ere oso kaltegarria da ozeanoetako estatu txiki horientzat, eta horregatik eskatzen dute anbizio handiagoko muga bat ezartzeko: 1,5 gradu.

Kopenhageko izar bakarra

Parisen negoziatzen aritu diren agintarien artean hutsune handi bat dago, Mohammed Nasheed Maldivetako Errepublikako presidente ohiak utzi duena. Bera izan zen Kopenhageko goi bilerako izar nagusia, «ia-ia izar bakarra», “The Guardian” Londresko egunkariak idatzi duenez. Une honetan bere herrialdean daukate preso.

Nasheed Danimarkako hitzordura iritsi zen lehen estatuburua izan zen 2009an. Aireportutik zuzenean areto handi batera joan zen, bertan zeuden milaka lagunen aurrean hitz egiteko: «Nire mezua da protestekin jarraitzeko. Kopenhage bukatu ondoren ere, segi. Lanean jarraitu behar da, baldintzak egokienak ez badira ere. Jarraituz gero, elkarrekin iritsiko gara zenbaki erabakigarri horretara: hiru, bost, zer0». Horrela adierazi zuen ekologistek helburu moduan ezarritako karbono dioxidoaren 350 ppm-ko (milioiko parteak) kontzentrazioa.

Giroa erabat berotu zuen Maldivetako gizon txikiak. Hitzaldia bukatutzat eman zuenean, hedabideen kamera eta mikrofonoek inguratu zuten, baina entzuleek berarekin jarraitu nahi zuten, ez zuten nahi Nasheedek bertatik alde egitea.

Ez da harritzekoa. Beste inork baino hobeto adierazi zituen itsasoak mehatxatutako herrialdeen egoera eta sufrimendua. Bere Gobernuko kide guztiek urpekaritza-ikastaroak egin behar izan zituzten, hilzorian zegoen koralezko uharri batean, uraren azpian, Exekutiboaren bilera bat egin ahal izateko. Baldintza horietan egindako bileran erabaki zuten Nazio Batuei 350 ppm-ko atmosferara itzultzeko exijitzea.

Presidentearen etxeko teilatura igo zen beste batean Mohammed Nasheed mailua hartuta, eguzki plakak jartzeko. Orduan agindu zuen Maldivak izango direla karbono dioxidorik isurtzen ez duen lehen herrialdea.

Nasheeden mezua bazter guztietara iritsi zen. Maldivetako artxipelagoan altuera handiko punturik ez dagoenez, guztiek dakite itsasoak gora egitean desagertu egingo dela, uraren azpian geratuko direla uharteak, eta horrek sekulako sinesgarritasuna eman zion orain preso daukaten politikariari.

Bestalde, “The Guardian” britainiar egunkariak nabarmendu du Maldivetako diktaduraren aurkako borrokak ere sinesgarritasuna ematen diola Nasheedi. “Indiako Ozeanoko Mandela” ere deitu zioten, artxipelagoko diktaduraren aurkako borrokarengatik. Bost urte eduki zuten orduan espetxean, borrokak garaiko agintariak hauteskundeak egitera behartu zituen arte. Eta irabazi egin zituen hauteskundeak, Hegoafrikako buruzagi historikoak bezala. Turista askorentzat munduko lekurik ederrena dena, demokrazia bihurtu zen.

Kartzelan eta gaixo

Diktadore zaharraren aldekoek Nasheeden aurkako mugimenduekin jarraitu zuten ordea, eta, azkenean, 2012ko otsailean, kargutik kendu zuten, estatu kolpe baten bitartez.

Une honetan kartzelan daukate Mohammed Nasheed, gaixo, eta, azken berrien arabera, bere sasoiak behera egin du. Gainera, gaixotasunak eskatzen dituen tratamenduak ez dizkiote ematen. Amal Clooney abokatuak dio agintari berriak «harroputzak» direla, eta oso zaila dela horiek bere bezeroaren eskubideak errespetatzea.

 

kalte ekonomiko gehien jasaten dutenen ekimena

Klima aldaketak sekulako kalte ekonomikoak eragiteko gaitasuna du, baina kalte horiek leku batzuetara besteetara baino lehenago iritsiko dira, edo iristen ari dira, eta kaltetuenak izan daitezkeen estatuek beraien interesak defendituko dituen taldea sortu zuten pasa den urrian Liman, V20 izenekoa. Afganistan, Bangladesh, Barbados, Bhutan, Costa Rica, Etiopia, Ghana, Kenya, Kiribati, Madagaskar, Maldivak, Nepal, Filipinak, Ruanda, Santa Luzia, Tanzania, Ekialdeko Timor, Tuvalu, Vanuatu eta Vietnam dira V20 taldeko kide. Beraien artean elkar laguntzea da ekimenaren helburuetako bat. Erregai fosilik gabeko garapena bultzatzeko konpromisoa hartu dute, eta beroketa globalak eragindako arazoei elkarren artean egin nahi diete aurre.

Cesar Purisima Filipinetako Finantza ministroa da V20 taldearen lehen presidentea. Bangladesh eta Costa Ricako ministroen laguntza du presidenteak.

V20 taldea sortzeko bileran esku hartu zuen Jim Yong Kim Munduko Bankuko presidenteak ere. Erabateko sostengua eman zion koalizio berriari eta gogorarazi zuen klima aldaketak larriagotutako hondamendiek sekulako kalte ekonomikoak eragiten dizkietela garapen bidean dauden herrialdeei, aurtengo martxoan Vanuatu suntsitu zuen tifoia gogora ekarriz. Christiana Figueres Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioko idazkariak erantsi zuen klima aldaketari aurre egitea ez dela ingurumen erronka bat, ekonomikoa baizik, mundu osoko ekonomia aldatzea baita V20 taldeko herrialdeak salbatzeko egin behar dena.

Honi buruzko guztia: COP21