NAIZ
DONOSTIA

Jatorri ezberdinetako familiak gonbidatu dituzte elkar ezagutzeko jai batera

Irri Anitzen Kolore Festa izenak ongi erakusten du heldu den abenduaren 27an Donostiako Intxaurrondoko kultur etxean ospatuko den jaiaren izaera. Bizipoza Auzolanek eta Banaiz Bagara elkarteak antolatu dute, jatorri ezberdinetako gurasoek eta umeek elkarrekin harreman gehiago izateko eta batera jan, irri, dantza eta besta egiteko.

Irrien Lagunen elkarteko eta Banaiz Bagarako kideek aurkeztu dute Irri Anitzen Kolore Festa. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Irrien Lagunen elkarteko eta Banaiz Bagarako kideek aurkeztu dute Irri Anitzen Kolore Festa. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Irrien Lagun diren piratek eta Banaiz Bagara elkarteak prestatu dute Irri Anitzen Kolore Festa. Honen bidez jatorri desberdina duten haurrak eta familiak, hemengoak eta hainbat herritatik gurera etorritakoak bildu nahi dituzte Gabonetako oporretan elkarrekin ongi pasatzeko.

Banaiz Bagara elkartea jatorri ezberdinetako pertsonen artean euskaraz bizitzeko aukera gehiago sortzeko jaio zen. «Gurasoak eta familiak kalean edo eskolako ateetan topatzen gara, baina ez dugu harreman handirik. Euskarazko aisialdi eskaintza askotan beste herrialdeetatik etorritako familientzat ere oso urrun geratzen da», adierazi dute gaurko aurkezpenean. Distantzia horiek gainditzeko, bertako familiekin batera bereziki etorkin elkarte eta komunitateak gonbidatu nahi dituzte jaira, irri, kantu eta dantzak konpartitzeko.

Bertan parte hartuko dute, besteak beste, Gurutze Gorriaren Amen Euskara taldeak, Nepaldar Komunitateak eta Errumaniar Ijituen Elkarteak, Gipuzkoa bertako eta Euskal Herriko familia eta lagun gehiagorekin batera.

Abenduaren 27an izanen da jaia, 17.00etan Donostiako Intxaurrondoko kultur etxean. Jende guztiarentzat irekia izateko prezio sinbolikoa ezarri dute (3 euro helduentzat eta 2 haurrentzat eta hirugarren haurretik aitzinera doan). Baina ordaindu ezin duenak ere sarrera eskuratzen ahalko du. Egunean bertan salduko dira leihatilan. Donostiakultura.com-en ere eros daitezke.