Jon Ormazabal
ARRASATE

Txapeldunak esnatzen hasi dira (22-13)

Ez dute berebiziko partidarik jokatu, baina defendatuz eta partidari eutsiz, Oinatz Bengoetxea eta Alvaro Untoria, egungo txapeldunek, lehen puntua eskuratu dute Arrasaten, Irribarria eta Zubietari 22-13 irabazita.

Aramako pilotariaren sotamano eta bolea pare bat izan dira lehiako gauzarik ikusgarrienak, baina Aspekoek 13 huts eta eramateko sake bat galdu dituzte eta ez horrela oso zaila da maila honetan partidarik irabaztea.

Zortzinako berdinketara arte ondo eutsi diote urdinek, batez ere Irribarriaren tantu bikain batzuei esker, baina gero hutsak pilatzen hasi dira eta gorriak 14-8 eta 18-10 ihes egin dute. Atzean, Aitor Zubietak bere mailatik urrun jarraitzen du eta ezin izan du inoiz Untoria dominatu. Gauzak horrela, sailkapeneko zuloan geratu.

Aritz Lasaren agurra

Jaialdi berean, Aritz Lasak bere ibilbide profesionaleko azken partida jokatu du. Urretxukoak, Xabier Erostarbe lagun zuela, ezin izan du garaipena eskuratu –19-23 galdu dute Mendizabal III-Tolosaren aurka– baina tanto sorta ikusgarria utzi du, bere etxekoen eta Urretxu-Zumarragako gaztetxeko «bandaren» gozamenerako.