Jon Ormazabal

Garaipen estua lortu dute Bengoetxea eta Untoriak 22-21

Estu eta larri ibili dira egungo Binakako Txapelketako txapeldunak laugarren postuan sendotzen dituen garaipena eskuratzeko Labriten Ezkurdia eta Barriolaren aurka (22-21). Bilbon, Aimar Olaizolak eta Mikel Urrutikoetxeak euren bosgarren garaipena eskuratu dute Berasaluze IIa eta Beroizi 22-17 irabazita.

Ezkurdiak ez du garaipena eskuratzerik izan (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Ezkurdiak ez du garaipena eskuratzerik izan (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Estu eta larri ibili dira egungo Binakako Txapelketako txapeldunak laugarren postuan sendotzen dituen garaipena eskuratzeko Labriten Ezkurdia eta Barriolaren aurka (22-21). Amaiera itxi eta polemiko batean, Aspekoek epaileek eman ez duten Untoriaren faltabat eskatu dute markagailua 19-20 zela, Oinatz Bengoetxearen tanto bikain batek eman die garaipena Asegarcekoei.

Ordura arte, partida oso gorabeheratsua izan da. Hasieran urdinak nagusitu dira. Asegarcekoek aukeratutako toke gutxiko pilota bati esker, Abel Barriola oso eroso aritu da eta gorriek, batez ere Oinatzek, huts gehiegi pilatu dituzte. Material aldaketarekin, ordea, Untoriak gora egin du, Barriola dominatzen hasi da eta Bengoetxeak izan dituen aukera hobeak probestu ditu, 18-11 aurreratzeraino.

Urdinek, ordea, lehiari eutsi diote eta partida eskuetan izan dute, baina huts barkaezinak egin dituzte biek eta garaipena gorria izan da.

Aimar eta Urrutikoetxea,  berriz ere lider

Bilbon, Aimar Olaizolak eta Mikel Urrutikoetxeak euren bosgarren garaipena eskuratu dute Berasaluze IIa eta Beroizi 22-17 irabazita eta Irujo-Rezusta harrapatu dituzte sailkapenaren goikaldean. Partida beti kontrolpean izan badute ere, faboritoek nahi baino lan gehiago egin behar izan dute, Berasaluzek asko asmatu baitu errematean, 11 tanto egiteraino. Hori bai, horretarako arriskatu egin behar izan du eta 6 huts ere bildu ditu.