M. I.
DONOSTIA
Elkarrizketa
GOTZONE ARBONA
HERRI AMETSA IKASTOLA

«Hiru konpainiaren artean danbor hotsez beteko dugu Bidebieta egun osoan»

Ulia mendian kokatutako ikastolako orientatzailea izateaz gain, helduen danborradaren arduraduna ere bada Gotzone Arbona, ezinbesteko bi lagunekin eskuz esku beti ere, Maria Eugenia eta Maiterekin. Urduritasun puntu batekin daude, eguna heltzeko eta gozatzeko irrikan.

Haurren danborrada antolatzen ibiltzen diren hiru irakasle eta gurasok, Gotzone, Maria Eugenia eta Maitek, aspalditik zuten gogoa helduen konpainia sortzeko eta azkenean lortu dute. Otsailean ekin zioten lanari eta ia urtebete daramate jo eta ke. Guraso, ikasle, guraso ohi, irakasle, Gotzoneren gisan irakasleak eta ikasle ohiak direnak ere bai... Ikastolarekin harremana duen jende pila bat aterako da.

Haurren bidez gurasoek kuadrilla osatzea ohikoa da, ezta? Zer nolako taldea osatu duzue?

Bai. Adin desberdinetako seme-alabak dituzten gurasoen taldea osatu dugu. Kuadrilla polita sortu dugu, giro ona dugu eta jendea ilusio handiarekin dago.

Zenbat kide zarete?

Denetara 60 ingurura iritsiko gara txaranga eta guzti eta datorren urtean zabaltzeko esperantzarekin gaude. Gazteenak 18 urte izan behar dituela jarri genuen eta ikasle ohi batzuk 18 urteak noiz beteko zain daude, datorren urtean ateratzeko asmoarekin.

Nola jantziko zarete?

Galtza txuri-urdin koadroduna, sukaldariaren alkandora edo kasaka txuria azpildura urdinarekin eta zapi, mantal eta txano urdina eramango ditugu. Gure ikastolako logotipoak hondo urdina du. Ulia mendian kokatuta gaude, itsasoa atzean dugula, eta hori kontuan izanda urdina sartu dugu eta berdea ere bai logotipoan.

Ze ibilbide osatuko duzue eta ze ordutan?

Ulia azpian Bidebieta auzoa dugu. Orduan bueltatxo bat emango dugu bertan, gero Gaiztarro deitzen zaion gune batetik pasako gara eta handik Herrerara iritsiko gara. Herrerarekin harremana dugu, bertan sortu zelako ikastolaren zatitxo bat eta inportantea iruditzen zaigu bertan jotzea. Bidebietara itzuli eta han bukatuko dugu. 19.00etan aterako gara eta bizpahiru ordu egingo ditugu, ea auzoa girotzen dugun. Beste bi danborrada aterako dira hemen, bat goizean, bestea arratsaldean; gu, iluntzean. Beraz, egun osoan entzungo da danbor hotsa.