Iragan urteko otsailetik, hainbat kolektibok sustaturik, iruzur fiskalarekin zerikusia duten banketxeetatik 243 aulki «bahitu» dituzte. Hain zuzen ere, Bizi mugimenduak burutu zuen lehen ekintza Baionako HSBC bankutik zortzi aulki hartuz. Geroztik, gizarte zibileko eta kolektiboetako kideek 39 agentzietako aulkiak «bahitu» dituzte.
Hasiera batean, 196 aulki lortzeko xedea zuten, COP 21 gailurrean parte hartu zuten herrialdeen kopuru bera. «Gailurra iragan baino hiru aste lehenago kopurua erraz gainditua genuen. Urte horretan [2015ean] agertu den desobedientzia zibila izugarria da eta gainera adin eta arlo ezberdinetako pertsonek parte hartu dute», azaldu du ANV-COP21 mugimenduko kidea den Sylvine Bouffaronek.
Lortutako 243 aulkietatik 196 dituzte Parisko Justizia Jauregian itzuli dituzte, Kazetak berri eman duenez; bertan, Jérôme Cahuzacen kontrako auziaren hasierarekin bat eginik. Oroitarazi behar da Cahuzac Aurrekontuaren ministroa izan zen garaian zerga iruzurrengatik eta diru zuritzeagatik auzpiratu zutela. Horrez gain, 2012ko maiatzean gobernura sartu zenean frantses Estatutik kanpo zituen ondasunak ez deklaratzea leporatu zioten.
Poliziek ez die utzi atera arte iristen eta auzitegi inguruan utzi dituzte aulkiak.
Eskakizunak botere publikoei
COP 21, Attac France, Bizi eta Les Amis de la Terre kolektiboek antolatu dute gaurko. «Gure ekintzarekin erakutsi nahi dugu ez dela nahikoa pertsona bakar bat epaitzea, iruzur fiskalaren arazo osoaren kontra joan behar dela», nabarmendu dute.
Itzuliko ez dituzten beste berrogeita zazpi aulkiak pertsona publikoei eman dizkiete, Bouffaronek kontatu duenez. Horiek, mementoz gordeko dituztela gehitu du.
«Ingurumenaren alde bideratzen ahalko liratekeen miliarka euroak berreskuratzeko» ekimenaren antolatzaileek hainbat eskakizun egiten dizkiete botere publikoei. Alde batetik, zerbitzu fiskalen indartzea 10.000 lanpostu sortuz eta bestalde, bankuek gardentasunarekin lan egitea. Azkenik, bankuen iruzur fiskala zigortzea, beren ustez «isunak nahikoak ez direlako».