NAIZ
GASTEIZ

Guimon eta Fernandez Iradi aske utz ditzatela galdegin diote enbaxadore frantsesari

Yves Saint-Geours enbaxadore frantsesak Gasteizko Legebiltzarrera eginiko bisitaren harira, Unai Urruzuno EH Bilduko bozeramaleak eta Etxeratek gutun bana eman diote, Lorentxa Guimon eta Ibon Fernandez Iradi presoen osasun egoera larriaz oharatarazi eta aske utz ditzatela aldarrikatzeko.

Unai Urruzuno eta Yves Saint-Geours, aurrez aurre. (NAIZ)
Unai Urruzuno eta Yves Saint-Geours, aurrez aurre. (NAIZ)

Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriarekin bilera egin du Yves Saint-Geours Estatu espainolean dagoen enbaxadore frantsesak eta, hitzordu hori baliatuz, Unai Urruzuno koalizio abertzaleko eledunak gutun bat helarazi dio, Lorentxa Guimon eta Ibon Fernandez Iradi berehala aske utz ditzatela aldarrikatuz. 

Etxerateko ordezkariek ere aldarri horiek biltzen dituen gutun bat helarazi diote enbaxadoreari.

Gaixotasun larriak dituzten arren, biek preso jarraitzen dute egun: Fernandez Iradi, Lannemezango espetxean eta, Guimon, Rennesen. Preso angeluarraren kasuan, bihar bertan jakinaraziko du Zigorrak Betearazteko Auzitegiak baldintzapeko askatasuna aitortzen dion ala ez. Arratsaldeko lehen ordurako espero da erabakia.

Epaileak baiezkoa eman zion azaroan baldintzapeko askatasunari baina Fiskaltzaren helegitearen ondorioz espetxean segitzen du presoak. Osasun egoerak okerrera egin duenez, azken hilabeteotan hiru aldiz ospitaleratu behar izan dute.

Urruzunok bi presoen egoeraren berri eman dio enbaxadoreari. Alde batetik, Fernandez Iradi aske uztearen alde Legebiltzarrak onartu zuen legez besteko proposamena eta, bestetik, Etxeraten gutuna, Guimonen egoera larriaz ohartarazteko.

Koalizio abertzaleko eledunak azpimarratu duenez, «administrazio publikoei dagokie pertsona guztien giza eskubideak bermatzea, bai eta preso daudenenak ere, eta espetxe politikak konponbide humanitarioak behar ditu larriki gaixorik dauden presoentzat».