Iker BIZKARGUENAGA

Belodromoko irribarre askatzailea

Ospatzeko eguna zela esan zuen ekitaldia aurkeztu zuen lagunak, pozik egotekoa, eta bildutako milaka lagunek hitza hartu zioten. Irribarre kolektibo baten bila zebiltzan antolatzaileak, eta helburua txukun bete zuten. Argi dago, Belodromoak magia berezia dauka, edonor indarberritzeko gai dena.

Askotan hitz egin da ezker abertzaleak Anoetako Belodromoarekin duen maitasun harremanaz, urte askotan landutakoa, eragin katartikoa eta –antza– baltsamikoa duen erlazioa, hain zuzen. Bertsolari eta bertsozaleei antzeko zerbait gertatzen zitzaien, baina ondo moldatu dira BECeko habia berrira. Ezkerreko abertzaleak, ordea, saiatu bai, saiatu dira, baina... tira, ez da gauza bera. Belodromo zaharrak magia berezia dauka.

Eta ez dago berezko magia horri Arnaldo Otegik baino txinparta gozagarriagorik aterako dionik. Bera da aztia, xamana. Mitin bat edozeinek bota dezake, berak beste zerbait egiten du; jendea liluratzen du, irribarre eta barreak eragiten ditu, txaloak leherrarazi, bihotzak uzkurtu. Faltan bota du herriak azken urteotan, eta gozatua hartu du bere magalera itzuli denean. Atzo jazotakoa deskribatzeko hitza ziurrenik hori da: gozamena.

Izan ere, agian baten batek Anoetan ikusitakoari politika zaharra deituko dio, baina ekitaldiaren bukaera aldean Arnaldok berbak jolastera atera zituenean, Belodromoaren taupadak entzun zitezkeenean, bildutako milaka lagunak jabetu ziren politika, berez, horixe dela, zerbait izatekotan. Eta seguru asko handik metro gutxira altxatutako karpan ere antzeko zeozer sentituko zuten, nahiz eta ekitaldia pantaila erraldoian jarraitu behar izan zuten.

Jendetza Donostian

Izan ere, Donostiara jendetza heldu zen, hitzordua berezia zelakoan, eta jarritako ordua baino dezente lehenago sekulako ilara luzeak hartuak zituen inguruko bazterrak. Hotzari eta euriari aurre eginez, sugetzar baten tankerako lerroa osatuz, milaka lagun zain egon ziren ateak noiz irekiko. Harmailetan, ordea, ez zegoen denentzako lekurik eta, esan bezala, askok txokoa karpan bilatu zuten.

Bitartean, goiztiarrenak edo agian zorte handia izan zutenak, eserlekuetan lekua hartzen joan ziren, txaranga baten doinuen laguntzaz. Klasiko guztiak jo zituen kuadrillak, eta publikoak gogotsu abestu zituen gehienak. Jai giroa izan zen nagusi, aurkezle lanak egin zituen lagunak adierazi zuen bezalaxe, ospatzeko eguna baitzen atzokoa.

Gehienentzat behintzat bai, baina litekeena da hitza hartu zuen lehen gonbidatuak ezer ospatzeko gogo gutxi izatea. Nork esan behar zuen Carlos Urquijo bera Belodromora joango zela, jendeari zer esan zezakeen eta zer debekatuta zuen esatera. Hari so zeudenek, noski, ez zioten kasu handirik egin.

Urquijo koitadua –batzuek diote mozorrotutako antzezle bat zela, baina ez dira iturri fidagarriak–, nork esan behar zion bere burua akelarre rojoseparatista baten erdian ikusiko zuela... “Que se vayan” abesti ezagunaren doinuekin agurtu zuen txarangak, eta litekeena da gaua kereilak prestatzen igaro izana.

Bertsoak eta argiak

Berari baino askoz harrera goxoagoa egin zioten nazioartetik “Free Otegi Free Them All” kanpainari babesa eman dioten eragileen zerrendari. Orduan entzun ziren lehen txalo zaparra- da indartsuak, bereziki palestinarrak aipatu zituztenean.

Bertsolarien txanda heldu zen gero, eta han aritu ziren Beñat Gaztelumendi, Andoni Egaña eta Onintza Enbeita, bakoitza bere eserlekutik, bata besteari erantzuten. Eta nolakoa izango den Belodromoaren magia, mikrofonoa izorratuta ere Gaztelumendiren bigarren bertsoa denek bikain entzun zutela.

Bertsoen oihartzuna oraindik airean zegoenean, milaka argi piztu ziren Belodromoan. Oholtzan, Ines Osinaga kantariak berbaldi ederra egin zuen, presoak, senideak eta lagunak aipatuz. Besteren artean Emilia de la Bodega eta Blanca Antepara maitatuak gogoan izan zituen, eta ahaideei oroitarazi zien beraiei esker sortzen dela argia itzala dagoen leku guztietan. «Egin irri, eta argi dezagun gaur Belodromoa eta bihar Euskal Herria. Eta hel dadila azken ziegaraino gure argia» esanez bukatu zuen, eta, orduan, oihuak ez, trumoiak entzun ziren: «euskal presoak, etxera!». Ez zen lehenengo aldia eta ez zen azkena izango lelo bera entzungo zena.

Rafa Diezen mezua

Bi haur heldu ziren gero, presoen aldeko ikurra eskutan hartuta, eta Gorka Urbizuren ahotsak korapiloa egin zuen askoren eztarrian. Oso une hunkigarriak bizi izan ziren une horretantxe, eta zer esan El Duesoko kartzelan oraindik preso dagoen Rafa Diezek idatzitako gutuna irakurri zutenean. Tira, ospatzeko eguna zen atzokoa, bai, baina inork ez zuen ahaztu asko direla oraindik falta direnak. Diezek berak nabarmendu zuen, eta «harri pisutsu» horri denon artean tiratzeko dei egin zuen.

Seme eta alaba gatibu gehiegi dauka oraindik herri honek, eta Gatibu taldearen txanda heldu zen jarraian, “euritan dantzan” egiteko proposamena luzatuz. Agian batek baino gehiagok egingo zuen “euritan dantzan”. Edo korrika, Baina euritan ziur.

Bustita bukatzeko eguna zen, horretaz zalantzarik ez. Eta bustitzeko inolako beldurrik ez duen laguna da Jon Maia. Kanta desberdinez osatutako hitzaldia egin zuen berak, maisuki, azken finean «kanta bihurtu den herria» baita gurea, edo agian, «herri bihurtu den kanta bat gara». Neguari agur esanez bukatu zuen zumaiarrak, eta honek jaso zituen txaloak ere Zumaiatik gertu entzungo ziren. Arratsaldeko unerik beroenetakoa izan zen hori, eta Jone Etxeberriak berotasun horri eutsi zion hizketaldi zorrotza eginez.

Urte hauetan Euskal Herrian eta gainontzeko lekuetan izandako aldaketen balantzea egin zuen, eta bereziki nabarmendu zuen emakumeek pairatzen duten zapalkuntza sistemikoa. Izan ere, aipatu zuenez, euskal emakume langileak hiru aldiz dira zapalduak. «Herri honen borroka langileon borroka da; langileon borroka emakumeon borroka da», bukatu zuen.

Eta jada irriek eta txaloek giroa konkistatuta zutenean, Arnaldoren txanda heldu zen. Zutik, txaloka, hartu zuen jendeak oholtzara igo zenean. Eta zutik eta txaloka agurtu zuten oholtzatik jeitsi zenean. Tartean, 42 minutuko hitzaldi landua, potentea. «Triste nahi gaituzte, baina ez dute lortuko», esan zuen, eta nahikoa zen milaka lagunen aurpegiak ikustea berriro ere asmatu zuenaz jabetzeko.

Belodromoan irribarre askatzaile bat loratu zen atzo.