@aagirrezabal
Markina-Xemein

Luis Leon Sanchez da lehen liderra Euskal Herriko Itzulian, Markina-Xemeinen irabazi eta gero

Astana taldeko txirrindulari murtziarrak irabazi du Euskal Herriko Itzulian lehen etapa eta lidertza eskuratu du. Aiastian behera mugitu da eta Dani Navarrorekin batera egin ditu azken kilometroak, azken esprintean nagusituz. Jonathan Lastra (Caja Rural) bilbotarra ihesaldian sartu da eta mendiko liderra da.

Luis Leon Sanchezek irabazi du lehen etapa Markina-Xemeinen. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Luis Leon Sanchezek irabazi du lehen etapa Markina-Xemeinen. (Juanan RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Luis Leon Sanchez izan da indartsuena Euskal Herriko Itzuliko lehen etapan. Tropela gain-gainean zutela jokatu dute garaipena Astanako murtziarrak eta Dani Navarro asturiarrak, baina Sanchez nagusitu da. Faboritoen artean ez da tarterik izan.

Astana eta Cofidis izan dira lehen etapa honetan gehien mugitu diren bi taldeak. Hasieratik Nicolas Edet (Cofidis), Marcel Wyss (IAM) eta Jonathan Lastra (Caja Rural) bilbotarrak osatu dute ihesaldia. Azken honek, 22 urterekin, mendiko maillota eskuratu du World Tour mailako bere lehen lasterketan.

Tropelean Orica-GreenEDGE taldea izan da buruan kilometro askotan. Aukera ona zuen Simon Gerrans australiarrak Markina-Xemeinen eta horretara bideratu dituzte lan guztiak. Guztira 144 kilometro bete behar zituzten gaurkoan Etxeberria eta Markina-Xemein bitartean, eta zortzi mendate gainditu beharra.

Azkenaurrekoraino iritsi da ihesaldia, eta bertan beste mugimendu batzuk hasi dira. Astanako Dario Cataldo mugitu da, eta tarte batean mantendu da lasterketa buruan. Atzetik Oricak jarraitu du lanean eta eguneko azken zailtasunean, Aiastian, bukatu da italiarraren saiakera. Atzetik Dani Navarro abiatu da.

Hala ere, igoera berak baino min handiagoa eman du jaitsierak. Orduan batu zaio asturiarrari Luis Leon Sanchez. Azken metroetan gainean zuten tropela, baina ongi neurtu ditu indarrak Astanako txirrindulariak eta bi besoak altxatu ahal izan ditu. Dani Navarro izan da bigarren eta denbora berean sartu da tropela ere, Gerrans bera buru zutela.

Bihar Markina-Xemeinetik abiatuko da etapa, eta biahrkoan bai sailkapen nagusiaren borrokan aritu nahi dutenek erantzukizuna hartu beharko dute azken kilometroetan. Amurrioko Garrastatxu auzoan amaituko da etapa, bi kilometroko aldapa gogor batean.