NAIZ
GASTEIZ

Lakua eta Nafarroako Gobernuek lankidetza indartu dute, 18 arlotarako protokoloa adostuta

Lakuako Gobernu Kontseiluak Nafarroako Exekutiboarekin elkarlana indartzeko pauso bat eman du, lankidetza protokolo orokorra izenpetzeari oniritzia emanda, Josu Erkoreka bozeramaleak iragarri duenez.

Josu Erkoreka, Lakuako Gobernuko bozeramalea, Arantxa Tapia, Angel Toña eta Ana Oregi sailburuekin. (IREKIA)
Josu Erkoreka, Lakuako Gobernuko bozeramalea, Arantxa Tapia, Angel Toña eta Ana Oregi sailburuekin. (IREKIA)

Iñigo Urkulluk eta Uxue Barkosek, EAE eta Nafarroako lehendakariek, laster sinatuko dute bi gobernuen arteko lankidetza protokoloa.

Bi gobernuek bihar bertan emango dituzte protolokoloaren xehetasunak, 11.00etan Lehendakaritzan, Gasteizen.

Protokoloak 18 arlotako lankidetza hartzen du barne: Gizarte zerbitzuak; Berdintasuna eta emakumeen aurkako indarkeria; Osasuna eta kontsumoa; Gazteria eta kirola; Hezkuntza eta kultura; Hizkuntza politika; Bakea, bizikidetza eta giza eskubideak. 

Horiez gain, beste batzuk ere hartzen ditu protokoloak: Babes zibila eta segurtasun publikoa; Ingurumena, klima aldaketa eta lurralde antolamendua; Toki administrazioa; Turismoa; Nekazaritza eta landa garapena; Komunikazio eta garraio azpiegiturak; Funtzio publikoa; Administrazio elektronikoa eta zerbitzu publikoen funtzionamenduaren hobekuntza; Espezializazio adimentsuaren estrategia eta garapen ekonomikoko faktoreak; Justizia Administrazioa; eta Ogasuna eta finantza politika.