
E zaguna eta preziatua musika eszenan (Exkixu taldearekin lehenik eta orain Gatiburekin), Alex Sardui gernikarraren ibilbidea ez da soilik agertokietara mugatu, ezta musika mundura ere. Ezagun dugu daukan ahots bereziagatik, mikrofonoaren aurrean mugitzeko duen estilo propioagatik, eta ikusi dugu ere telebistan aurkezle gisa, kamerari berezko duen saltsa eta piper puntuarekin natural-natural begira.
Hori guztia gutxi ez eta, orain, politikagintzan aritzeko unea helduta, ez du alde batera egin. Maila pertsonalean ikasten jarraitzeko bidea ematen dion esperientzia izanik eta Euskal Herri libre batekin amets egiten duenez, EH Bilduk proposatu eta ez dio ezetz esan proiektu politiko horretan beste etorkizun bat eraikitzeko bidean esku bat botatzeari.
Bizkaiko Batzar Nagusietako pleno baten bezperan aurkitu du Sarduik GAUR8rekin hitz egiteko tartea. Iraganera itzuli gara une batez Alex txikia eta nerabea ezagutzeko asmoz, eta kontatu digu Gernikan jaio eta Gernikan bertan hazi zela, eta Muxika ondoko udalerrian iritsi zela «heldutasunera». Orain Fruizen bizi da familiarekin.
Ume eta gazte garaietara erreparatuta, bizitzak zuen erritmo pausatuagoa etortzen zaio burura Sarduiri. Kontatzen duenez, «ez zegoen orain besteko prisarik, momentuan bizi zen, askoz lasaiago». Bizitzeko era lasai horrek bazuen bere abantaila. «Gauzak ikasteko» behar beste denbora eskaintzen zuen bizimodu hark, «pazientzia apur batekin eta gertatzen zena barneratzeko denborarekin». Eta garai haiek beste ezaugarri bat zuten, kalean bizi zen; «kalean total», nabarmentzen duenez. Nerabetasuna heldu zenean ere «beti deskubritzen» egotearen garaia ezagutu zuen, dudei eta galderei erantzuna bilatu beharrekoa.
Musika zaletasuna etxeko herentzia da, ia-ia genetikoa. «Enbeitatarra naiz» dio irribarretsu, etxean, familia giroan jasotako kultura gogoan. Behin musikarekin hasita, geroago ezagutuko zuen bete-betean rock-and-rollarekiko zaletasuna, honakoa ere «betidanik» sentitu duela azaltzen badu ere. Exkixu taldearekin, entseatu eta rock-and-rolla zuzenean dastatzeko aukera paregabea heldu zitzaion. Musikaren bidez zer komunikatu nahi duen galdetuta, gehiago geratzen da entzuleak jasotzen duen mezuarekin, eta horretan argi dauka margolan baten aurrean pertsona bakoitzak ikusten duena ezberdina izan daitekeen moduan, ez daudela kanta bat entzun eta ideia edo sentimendu berdin-berdinak jasotzen dituzten bi lagun. Edozein modutan ere, gurako luke transmititzea «nahi izanez gero gauzak posible direla, eta urtebetean agian ez direla helduko baina ekinak badaukala bere etekina».

Eguneroko hizkuntza
Musikan, soinuak, letrak, estiloak, mugimenduak... eta hizkuntzak ere paper garrantzitsua jokatzen du. Euskara Sarduiren ama-hizkuntza da. Txikitatik izan dituen bizipen eta harremanen hizkuntza naturala Gernika inguruko bizkaiera izanik, naturaltasun berberarekin eraman du euskalkiaren doinua mikrofonoaren aurrera. Bizkaieraz bizi eta sentitzen du, eta, beraz, kantatu ere hala egiten du. Dioenez, «taldean, era natural bezain errazean» izan da beti bizkaiera komunikazio hizkuntza, eta, beraz, kantatzeko orduan ere, bizkaieraz egiten dute.
Telebistan ibili zen garaia benetako eskola izan zela dio, baita erraza izan ez zela ere. Bere ustez, balioa eman behar zaio aurkezle lanari. Esperientzia hartatik ikasgai bat ere atera du; «lasai egoten» ikastea, eta edozein unetan pasadizo bat gertatzen bada arin erantzuteko trebezia lantzea.
Hori bai, musikatik eta telebistatik kanpo izan ditu bestelako lanak ere Sarduik. Gogoratzen duen bezala, liburu bat idatzia du (“Esan eta egin”), trokelgintzan aritu da, kopistegi batean, iturgintzan titulatua da, eta barraren atzean ere eskarmentua badu; ordu txikietan «psikologia aplikatua» ikasteko aukera izan duela dio brometan.
Politika munduan aritzeko jasotako proposamenaren aurrean ere ez zen kikildu. Neurri handi batean maila pertsonalean gauza berriak ikasteko gogoak bultzatu zuen baietza ematera, argi izanik Euskal Herria Bilduk «gauzak aldatzeko eta neurri batean konpontzeko» lan egiteko aukera eskaintzen ziola. Politika «estigmatizatuta» dagoen une honetan, «hitz egitea eta elkarri ulertzen saiatzea» dira Sarduik praktikan ipini nahi dituen erronkak. Mundu hobeago batekin amets egiteko nahia eta beharra ere ez ditu bazterrean utzi nahi. «Amets egin behar da, eta zergatik ez politikan?, planteatzen du. «Saiatzeak beti merezi du».
Ez dago erabat ados gizartearen gehiengoak politikaz paso egiten duela dioen pertzepzioarekin. Bere ustez, «politika askotan maitale txar baten modukoa da: ezin naiz egon zu barik baina zugaz bez». Nabarmentzen duenez, «askotan orokortu egiten da, baina ez dugu politikaz horrenbeste pasatzen. Jende asko dago egoera txarrean, lan mundua txarto dago, dirurik ez... eta krisialdi honetan politikak zerikusi handia izan du».
Pasa den martxoan ahaldun akta jaso zuen Gernikan, Bizkaiko Batzar Nagusietan. Alderdi ezberdinetako ahaldun irribarretsuak erakusten zituzten uneko irudiek eta Sarduiren agur adeitsuaren berri eman zuten kronikek. Onartzen du gure protagonistak barre egitea bere «bizitzaren fundamentuetako bat» dela, eta gaineratzen du gauzak seriotasunez egin daitezkeela eta aldi berean barre egin. Barre egiteak bizitza «leuntzen» laguntzen du, «humanizatu egiten du», eta, «zortez, barrea ez zait falta niri». «Barre egiten duen jendearekin gauza serioez hitz egiten ere badakit», gaineratu du serio.
Kultura esparruko esperientzia eta egun politikagintzak emandako perspektiba oinarri, herri honek herri izaten jarraitzeko zer behar duen galdetu dio GAUR8k, eta atoan esan du: «Independentzia behar du, baina ez bakarrik politikoa, kultur independentzia, ideologikoa, elkarlanaren independentzia, maitasun independentzia, hizkuntz independentzia...». Eta honakoa gaineratu du: «falta zaigu bat izatea, eta bat garenean, askatasuna, independentzia pertsonala». Hain zuzen ere, arlo pertsonala bere izaera polifazetikoarekin nola uztartzen duen planteatuta, argi azaldu du, familia planifikazio bat eramaten saiatzen bada ere, «dedikazioa» bikotekidearena dela.

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
‘Gutun bat Kottori’: «Gazteoi dagokigu gai hau bertze modu batera lantzea»

A prisión el detenido tras el crimen machista de Barakaldo, por homicidio y agresión sexual
Localizada la joven de 23 años desaparecida desde el día 25 en Donostia
