NAIZ
BAIONA

Aske geratu dira Baionako Suprefeturan sartu ondoren atxilotu dituzten bost lagunak

Lan erreformaren aurkako protesta egiten ari zirela Baionako Suprefeturan sartu diren bost lagunak aske utzi ditu Poliziak, ordu batzuz atxilotuta eduki ondoren. Kolpatu egin dituztela salatu dituzte. Polizia manifestarien aurka ere oldartu da eta negarra eragiteko gasa erabili du.

Polizia Suprefeturara sartu diren bost lagunak atxilotzera joan den unea. (Bob EDME)
Polizia Suprefeturara sartu diren bost lagunak atxilotzera joan den unea. (Bob EDME)

Lan erreformaren aurkako mobilizazioa egin dute gaur goizean Baionan, Jusqu’au Retrait kolektiboak deituta. Herriko Etxetik abiatu dira eta ondoren Suprefeturarantz abiatu dira, sarrera blokeatzeko asmoz.

Ateak itxita zegoen arren, bost lagunek barrura sartzea lortu dute.

Polizia berehala heldu da, atxilotu egin ditu eta komisariara eraman ditu bostak, indarrez eta arrastaka. Egoitzaren kanpoan zeuden manifestariek elkarretaratzea egin dute.

Ondoren egin den manifestazioan, Polizia manifestarien aurka oldartu eta eta negarra eragiteko gasa jaurti die. 200 bat pertsona komisaldegira joan dira, goizean atxilotutakoei sostengua adierazteko. «Poliziak komisaldegiko karrika moztu digu eta momentu batez istiluka izan dira», kontatu du Claude Larrieu Jusqu’au Retrait kolektiboko kideak. Manifestari batzuk makilekin jo dituela ere adierazi du, Kazeta.eus-ek jaso duenez.

13.30 aldera atxilotutako bost lagunak aske utzi dituzte eta kolpeak jasan dituztela salatu dute.