UPV/EHU
DONOSTIA

Iparraldeko abertzaletasuna, azkarra, baina ahula

«Gai delikatu» baten inguruan aritu da historialari eta militante politikoa den Peio Etxeberri Aintzart, ‘XXI. mendeko abertzaletasunaz’ ikastaldiko ‘Iparraldeko abertzaleak gaur’ hitzaldian, UPV/EHUko Uda Ikastaroen harira, Donostiako Miramar Jauregian.

Peio Etxeberri-Aintxart Donostian.
Peio Etxeberri-Aintxart Donostian.

Gai honi buruz aritzeko orduan, «objektibo izatea ezinezkoa» dela azaldu du Etxeberrik: «Ikuspegia nirea da, pertsonala». Eta lau ataletan banatu du mintzaldia.

Non dira abertzaleak?

Iparralde eta Hegoaldearen artean, desberdintasunak daudela azaldu du. «Hegoaldeak aspalditik ezagutzen du abertzaletasun edo nazio-sentimendua, eta historian zehar, Espainiako Estatuak lagundu du horretan, baita periferiek ere; oro har, ez diote ezer zor Madrilgo gobernuari. Aldiz, Iparraldea, lurralde txikia eta landa eremukoa izaki, kontrakoa gertatzen da: Frantziako Estatua zentralizatua izan da, azkartasunez jokatu izan du, eta Parisi zor dio garapen sozial eta ekonomikoa». Egungo Iparraldeko abertzaleak euskaldun sentitzen dira, baina nazio ikuspegi hori mantentzen dute, estatu frantses handi baten barnean: «Oso sustraituta dago euskalduntasuna».

Iparraldeak duen erakargarritasuna «kaltegarri» ikusten du Etxeberrik, abertzaletasunarentzat: «Etxebizitza mundua, esate baterako, tinkatua da, asko udako etxe bilakatzen baitira. Enpleguan eta ikuspegi sozialean ere, ondorio txarrak nabari dira». Horri, halaber, gehitu dio mugimendu abertzalea beti egon izan dela «Hego Euskal Herriko anai-arreben itzalpean».

Nortzuk dira abertzaleak?

Abertzale mugimendua gaztea da Ipar Euskal Herrian, alegia, 1963tik gaur bitartean garatu da: «Denbora eman diogu hazteko». Ondoan, hainbat Ipar Euskal Herriko zenbait antolakunderen inguruan mintzatu da:

- EAJ - PNB (1996).
- ENBATA (1963) - EHAS (1973) - EB (1986).
- IK - EMA ezkerra adar militarrarekin.
- PATXA - Herriaren Alde (1986). 
- Abertzaleen Batasuna osatu zuten, 1996an, (Enbata + EMA + HA + HB).
- Abertzaleen Batasuna zatitu, 2011n (AB eta Batasuna).
- 2011n EA + Batasuna + AB = EH BAI.
- Egun, EAJ - PNB eta EH BAI.

Nora doaz abertzaleak?

Borroka instituzionalari buruz aritu da historialaria, hots, Euskal Herriko Elkargoaren inguruan: «Aspaldi eskatu zena gauzatu da azkenean, ukazio baten fruitua da, ezin da jakin zer den aldarrikatuko dena, autonomia edo independentzia». Frantziako Estatuak onartu du, beraz, Ipar Euskal Herriak badituela zenbait berezko ezaugarri, ahul utzi ezin direnak, eta gehiengo zabal batek baiezkoa eman ondoan, beteko da: «Herri elkargo bat da, herri bakoitzak eskumenak ditu eta, lehen aldiz, egitura sozial batez hitz egin dezakegu, hots, lurraldetasun bati buruz, eta horrek nortasuna ematen du».

Hizkuntza ofizialari dagokionez, euskararen babes ofizial eza aipatu du. «Euskara beti egon da itota Iparraldean, eta guztiz itotzeko arriskua dago, ikastolek ez baitituzte herritar denak euskalduntzen».

Beste erronka bat egoera sozio-ekonomikoa da, eta eraikuntza nazionalarekin erlazionatu «Proiektu politiko orokor bat eskatzen du egoerak, baina alderdi abertzalearen barnean, korronte politiko anitz daude: Iparraldea eskuindarra, sozialdemokrata eta frantsesa da, eta abertzaletasunak diskurtso hedatuago bat garatu beharko luke gobernatzeko».

Nola doaz abertzaleak?

Peio Etxeberriren aburuz, «biziki garrantzitsua da militantzia abertzale baten parte izatea». Mugimendu aktiboak sortzeko joera dago, mugimendu klasikoekin apurtzen direnak; nolanahi ere, «zaila da indar horiek biltzea, atxikimendua ematea erraza baita, baina errealitateak, hau da, hauteskundeek erakusten dute interesa bestelakoa dela».

Ipar euskal eremuan, halaber, desberdintasunak daude tokian toki: «Barnealdeko herrietan abertzaletasun mugimendua azkarragoa da urbanizatuetan baino; horietan ahulagoa da», dio. Eta horri gehitzen dio egungo ikasleen artean, ez dela duela urte batzuetako abertzaletasun bera garatzen: «Oro har, gazteak ez dira gazte mugimendu edo mugimendu politikoetan sartzen; orain, ez dira militanteak, egungo belaunaldia ikastola baten alde borroka egin behar izan ez duen lehen belaunaldia delako», eta militantziaren krisiaz eta kontzientzia galeraz mintzatu da: «Abertzale izatea ez da soilik Euskal Herria defendatzea eta errepresioaren aurka egitea, eta hori egiten dute egungo gazteek».

Hala eta guztiz ere, 80ko hamarkadatik hona, mugimendu abertzaleak pisua lortu du, lehen, «marjinala» baitzen.