NAIZ
GASTEIZ

Gaueko 21.00ak aldera emango ditu Lakuak igandeko bozetako emaitzen lehen datuak

Lakuako Gobernuko Segurtasun sailburuak, Estefania Beltran de Herediak, irailaren 25eko hauteskundeetan zenbatutako lehen datuak gaueko 21.00ak aldera jakinaraziko ditu.

Donostiako hautesleku bat, 2015eko abenduko bozetan. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Donostiako hautesleku bat, 2015eko abenduko bozetan. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Lakuako Hauteskunde Prozesu eta Dokumentazio zuzendaritza heldu den igandeko hauteskundeei begirako giza baliabideak eta baliabide teknikoak prestatzeko lanetan ari da.

Egunean zehar, zenbait agerraldi egingo dituzte: lehenik, izan daitezkeen gorabeherak eta parte-hartze datuak emateko eta, ondoren, zenbaketaren eboluzioa azaltzeko. 

Segurtasun Sailetik adierazi dutenez, Emaitzak Aurkezteko Zentro Ofiziala ez ezik, internet eta bestelako bide batzuk erabiliko dira informazioa hedatzeko.

Agerraldiak

Hauteskunde egunean, goizeko 10.00etan, Beltran de Herediak agerraldia egingo du mahaien irekitzearen berri emateko. Ohar bidez jakinaraziko dute egunaren hasieran gorabeherarik egon ote den.

Ordubatean, sailburua prentsa aurrera aterako da berriz, eguerdia bitarteko parte-hartzeari buruzko datuak emateko.

Arratsaldeko 18.00etan, 17.00ak arteko parte-hartzeaz ariko da komunikabideen aurrean.

Behin hautetsontziak itxita eta zenbaketa hasita, emaitzak adierazgarriak direnean, gaueko 21.00ak inguruan, lehen datuak emango ditu sailburuak.

Azken agerraldi horren ondotik, datu guztiak zenbait kanalen bitartez jakinaraziko dira.

Segurtasun sailak jakinarazi duenez, www.elecciones.eus webguneak herritarren esku jartzen du hauteskunde prozesuari buruzko informazio guztia.

Twitter bidez ere zabalduko dute informazioa eta hauteskunde prozesuari buruzko datuak eman.

Zalantzak argitzeko, 012 telefonora ere deitu daiteke.