NAIZ
Bilbo

Goieaskoetxeak eta Zobaranek pairatzen duten egoera salatu dute frantziar Kontsulatuaren aurrean

Ibon Goieaskoetxea eta Aletxu Zobaran preso politiko bizkaitarrek Valenceko espetxean pairatzen duten egoera salatu asmoz, elkarretaratzea egin dute gaur Bilbon, frantziar Kontsulatuaren aurrean.

Zobaran eta Goieaskoetxearen egoera salatzeko elkarretaratzea egin dute frantziar Kontsulatuaren aurrean.
Zobaran eta Goieaskoetxearen egoera salatzeko elkarretaratzea egin dute frantziar Kontsulatuaren aurrean.

Hamarnaka pertsona bildu dira Bilbon, frantziar Kontsulatuaren parean, Alex Zobaran eta Ibon Goieaskoetxea preso politkoek pairatzen duten egoera salatzeko. Joan zen ekainean dispertsatuak izan ziren bi bizkaitarrak, Euskal Herritik 952 kilometroetara, Valenceko espetxe esperimentalera.

Espetxe horren «izaera suntsitzailea» eta dispertsioaren areagotzea salatu dute gaurkoan. Gogora ekarri dute, hau bera salatzeagatik, zigor ziegetan daudela biak iragan abuztuaren 8az geroztik. «Euskal preso politikoei etengabean ezartzen zaizkien banatze eta bestelako salbuespenezko neurriak salatzen ditugu», adierazi du preso hauen senide eta lagunek osatzen duten elkartasun sareak ohar baten bidez.

«Salbuespenezko espetxe politikak Euskal Herriko dinamika politikotik behingoz alboratu behar dira. Garaia da halako zigor neurriekin behin betikoz amaitzeko. Frantziar Estatuak behingoz alboratu behar du Madrilek euskal preso politikoei aplikatzen dien mendekuzko espetxe politikari segidismoa egitea», gehitu dute.

Gutun bidalketa masiboarekin gauzatzen ari da asteotan Euskal Herrian, eta atzo bertan Zobaran eta Goieaskoetxea Euskal Herrira ditzaten gutuna eman zioten frantziar kontsulari. Gaur ere, 19:30ean Bilbin deitua dago elkarretaratzea eta 20:00etan, Urduñan.