NAIZ
DONOSTIA

Nekane Txapartegiren aldeko manifestazioa egingo dute bihar Bernan (Suitza)

Suitzan preso eta estradizio arriskuan dagoen Nekane Txapartegiren aldeko manifestazioa egingo du bihar, larunbata, Nekane Libre! plataformak Bernan.

Comparecencia en Donostia de la plataforma Nekane Libre!. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Comparecencia en Donostia de la plataforma Nekane Libre!. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Bihar, arratsaldeko 14.00etan hasita, Nekane Txapartegiren aldeko aldarria Suitzararte eramango du haren askatasuna galdegiteko sortutako plataforma.

Autobusak antolatu dituzte Euskal Herritik bertaratzeko.

Iragan apirilean atxilotu zuten asteasuarra, eta egun Zurichen dago preso. GARAk ezagutzera eman zuen legez, urte bat eta erdi lehenago, polizia espainiarrak haren atzetik ibili ziren Gobernu suitzarraren baimenik gabe.

2007. urtean sei urte eta 9 hilabeteko espetxe zigorra jaso zuen (18/98 makrosumarioko Xaki atalaren baitan) Txapartegik, eta orduan ihes egin zuen berriro atxilotua eta torturatua izateko beldur zelako.

Auzitegi Nazionalean egin zen epaiketan, Guardia Zibilaren esku jasandako torturak salatu zituen

Aste honetan bertan, nazioarteko bi adituk Txapartegiren tortura salaketa egiaztatu dute.

Ostiral honetan, asteasuarrari egindako argitaratu du ‘Berria’ egunkariak. Bertan azaltzen du oraindik estradizio eskaeraren erantzunaren zain dagoela. «Estradizioaren aurkako argudioak aurkeztu genituen, baita torturagua izan nintzeneko agiri mordoa ere. Eta, horrekin batera, asilo politikoa eskatu nuen. Baina Suitza ez da modu aktiboan tortura salaketa ikertzen ari; guk eta Espainiako Estatuak bidali txostenak ikertzera mugatu da», esan du Txapartegik.

Horrez gain, espetxeko baldintza gogorrak ere izan ditu aipagai: «Harreman afektibo, politiko, kultural, sozial eta sexualak moztuak ditut. Anulazioa, kontrola, debekua eta zigorra dira espetxeko baldintzen oinarri. Dena gutxieneko baldintzetara murriztua dago: egunean ordubeteko patioa; asteburuetan, 23 ordu edo gehiago itxita; dutxatzeko aukera astean bitan bakarrik; gutunak zentsuratuta...»