NAIZ
tolosa

Atzelaririk gabe geratu da Lau eta Erdikoa, Victorrek Untoria kanporatu eta gero (22-17)

Victorrek final laurdenetako ligaxkarako txartela lortu du, Alvaro Untoriari irabazita eta, bide batez, txapelketa atzelaririk gabe utzita. Ligaxkan Mikel Urrutikoetxea, Jokin Altuna eta atzo Jon Jaunarena kanporatu zuen Iker Irribarria izango ditu aurkari. Retegi Bik 22-15 irabazi dio Gorkari Bartzelonan.

Victorrek Untoria kanporatu du eta final laurdenetarako sailkapena lortu du. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)
Victorrek Untoria kanporatu du eta final laurdenetarako sailkapena lortu du. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

Ez da atzelaririk izango final laurdenetako ligaxkan. Bakarrak ekin zion Lau eta Erdiko txapelketari, eta gaur Tolosan Victorrek kanporatu du Alvaro Untoria. Hasiera-hasieratik gailendu da aurrelaria, nahiz eta uste baino gehiago sufritu behar izan duen sailkapena poltsikoratzeko.

Banakoan berdindu dute, baina hortik aurrera Victor nagusitu da. 5-13koarekin bazirudien partida aise bereganatuko zuela, baina orduan hasi dira bere arazoak. Ezker eskuaz ez du batere konfidantzarik erakutsi eta sakez min handia egin dio Untoriak, 9-13ra gerturatzeraino.

Sakez min eman eta min hartu, falta egin du eta atzelariak. Honek aire pixka bat eman dio Victorri eta garaipenaren bidean jarri da, nahiz eta Untoriak ez duen amorerik eman. Garaipen honekin A multzoa osatuta geratu da, eta final laurdenetako ligaxkan Mikel Urrutikoetxea txapelduna, Jokin Altuna eta Iker Irribarria izango ditu aurkari Victorrek.

Bartzelonan, Retegi Bi 22-15 Gorka

Victorrek Tolosan sailkapena lortu duen arren, anaiak ezin izan du gauza bera egin Bartzelonan. Vall d'Hebronen jokatutako partidan, Retegi Bi 22-15 gailendu zaio. Iruindarra B multzoan egonen da final laurdenetan, Aimar Olaizola eta Oinatz Bengoetxearekin batera. Multzoa bihar osatuko da, Joseba Ezkurdiak eta Iker Arretxek Lekunberrin jokatuko duten partidaren irabazlearekin.