NAIZ

Azkainen eta Intxaurrondon elkarretaratzeak egin dituzte atxiloketak salatuz

Ehunka lagun bildu dira Azkainen eta Intxaurrondon Mikel Irastorza eta beste bi pertsonen atxiloketak salatu eta haien askatasuna eskatzeko.

Mikel Irastorzaren atxiloketa salatu dute Intxaurrondon.
Mikel Irastorzaren atxiloketa salatu dute Intxaurrondon.

Azkainen gaur goizaldean izan diren atxiloketak salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Intxaurrondon. Bertan 150 lagun inguru bildu dira Mikel Irastorzaren askatasuna eskatuz, ’Konponbide garaia da’ idatzita zeukan aldarriaren atzean.

Era berean, Azkainen bertan ere elkarretaratzea egin dute ‘Errepresioari ez’ eta ‘Hau al da zuen bakea?’ adieraziz. «Konponbide prozesuaren aldeko urratsak eman direnean, gizartearen gehiengo zabal batek konponbide prozesuak aitzina egin dezan aldarrikatzen duenean eta ETAk behin eta berriz berretsi duenean bake iraunkor baten alde egin duela, ez luke atxiloketarik egon behar», adierazi du EH Baik ohar baten bidez.

Aitzina gazte antolakundeak, aldiz, biharko deitu du elkarretaratzea. 12:00etan herriko plazan egin dute deialdia.