NAIZ

Galdeketa egiteko prozesua abian Busturialdean, eta 'Urrats' lanean Azkoitian

Gure Esku Dago mugimenduak hauspotutako herri galdeketen dinamikak etenik gabe jarraitzen du. Busturialdeko hainbat herrik galdeketak egiteko prozesua abiatu dutela iragarri dute; Azkoitian 'Urrats' aurkeztu dute, galdeketa gidatuko duen eragilea; eta Goierrin, berriz, 32 laguneko taldeak Gure Esku Dagoren ibilbide orri orokor proposamenari ekarpenak egin dizkio.

'Urrats' Batzorde Sustatzaileko kideak, Azkoitian. (NAIZ.EUS)
'Urrats' Batzorde Sustatzaileko kideak, Azkoitian. (NAIZ.EUS)

Bidean da Gure Esku Dago dinamikak, erabakitzeko eskubidea oinarri, hauspotu dituen galdeketen olatu berri bat.

Busturialdetik dator berria larunbat honetan, Bermeo, Busturia, Kanala, Nabarniz eta Gernika-Lumoko kideek galdeketa egiteko prozesua abian jarri dutela adierazi baitute. Gainera, erronka eskualdera zabaltzeko ahalegina egingo dutela gaineratu dute.

Bestalde, 'Urrats' dinamikaren Batzorde Sustatzailea aurkeztu dute Azkoitian, Urolako beste hainbat herrirekin batera 2017ko udaberrian egingo duten galdeketa gidatuko duen eragilearen batzordea.

Goierri, aldiz, etorkizunera begira jarri dira eta 32 laguneko taldea bildu da Gure Esku Dagoren ibilbide orri orokorraren proposamenari ekarpenak egiteko. Era berean, ikasturte berrirako Goierriko erronken inguruan hitz egin dute.