Migratzailearen Nazioarteko Eguna ospatu zen atzo, baina beren herrialdea utzi behar izan zuten askok ospatzeko moduko gauza handirik ez zuten izan. Kroazian, esaterako, Afganistandik eta Pakistandik ihes egindako 67 gizaki erdi hilik topatu zituzten furgoneta batean. Asfixia eta hipotermia sintomak zituzten, azken bost egunetan ezer jateko aukerarik gabe egon ondoren. Bulgariako bi herritar atxilotu ditu Poliziak.
Europako herrialde aberatsenetara iritsi nahi zuten Kroazian ia hil diren horiek, azken urteotan milioika lagunek nahi zuten gauza bera. Swing OIMko eledunak emandako datuen arabera, aurten 7.000 pertsona hil dira leku batetik bestera joan nahian, horietako gehienak (5.000 inguru) Mediterraneo itsasoan, Europako bidean: «Egin kontuak: batez besteko datuen arabera, egunean hamabi etorkin baino gehiago hil dira, hau da, gizon, emakume edo ume bat bi ordutik behin». OIMko adituak erantsi du horiek datu ofizialek aipatzen dituzten biktimak baino ez direla, «inongo elkarte humanitariorik edo gobernurik erregistratu gabeko heriotza asko izaten da-eta».
OIMko adituak nabarmendu du asko itsasoan hil badira, beste asko basamortuak zeharkatu nahian zendu direla, edo Libia bezalako herrialdeetan bahituak izan ostean. «Horietako asko salbatu egingo ziren bidean aurkituko zituzten arriskuen inguruko informazioa izan balute», Swingen ustez. «Onartu behar dugu migrazioa gure garaiko megajoera bat dela».