
Benjamin Netanyahuk argi berdea eman dio zenbait sailetako aurrekontua murrizteari, Israelgo Gobernuari eusten dioten sei alderdiko koalizioa hauts ez dadin. Izan ere, Etxe Judua izeneko eskuineko alderdi sionista eta erlijiosoak Gobernua uzteko mehatxua egin zion, alternatibarik eskaini gabe Amonako kolonoak bertatik bidaliz gero.
Amonan bertan istiluak izan ziren orain hamarren bat urte, kolonia husteko garaiko Gobernuak agindu zuen operazioaren eraginez. Amonakoa legez kontrako kolonia da Exekutiboaren iritziz, bere baimenik gabe eraiki zutelako. Nazioarteko Zuzenbidearen arabera, aldiz, lurralde okupatuetan eraikitako kolonia guztiak dira legez kontrakoak. 2012ko erroldaren arabera, 531.000 kolono judu bizi dira Zisjordaniako kolonietan.
Amona mendixkako lurrak jabe palestinar pribatuenak direnez, Israelgo Auzitegi Gorenak lekua husteko agindu zuen. Datorren iganderako hustu beharko lukete kolonia, aginduaren arabera. Asteburuan Zisjordaniako kolonia guztietatik joandako ehunka nerabe elkartu ziren bertan, harriak, makilak, gasolina eta pneumatiko zahar ugari hartuta. Netanyahuren Gobernuko ordezkariak bertaratu zirenean, larri ibili ziren, kolono gazte horien jarrera erasokorraren eraginez.
Netanyahuren arazoak konpontzeko palestinarren lur gehiago lapurtuko dituzte beste behin. Israelgo Gobernuak 38. lursailean kokatzeko proposamena egin die Amonakoei, eremu hori «abandonatuta» dagoela iritzita. Yesh Din Israelgo gobernuz kanpoko erakundeak Efe berri agentziari baieztatu dionez, baina, errekurtso bat aurkeztu dute jabeen izenean lur hori ez dagoela abandonatuta azaltzeko. Silwad herriko makina bat lursail daude egoera berean, Tel Aviven arabera.
Abderraman Sali Silwadeko alkateak Maan Palestinako berri agentziari esan dio 38. lursaila Amonatik ehunen bat metrora dagoela. «Israelek esaten du atzerrian bizi diren jabeek alde batera utzita dituztela lur horiek, baina jabe guzti-guztiak Silwaden bertan eta ondoko herri batean bizi dira. Dokumentu guztiak eman dizkiogu Yesh Din elkarteari, Auzitegi Gorenari aurkezteko, lur horiek konfiskatu ez ditzaten», adierazi du alkate palestinarrak.
Aurki hasiko da 2017a, Sei Eguneko Gerraren 50. urteurrena: orduan bereganatu zituzten israeldarrek Sinai, Gaza, Zisjordania (Jerusalem hiriko ekialdea barne) eta Golan. Mende erdia pasa eta gero, egoera larriagotzen ari zaie palestinarrei.

Tortura jasan eta ozen salatu zuen Susana Atxaerandio gasteiztarra zendu da

Esteban se arrepiente de haber ridiculizado el caso de Getxo pero el PNV sigue minimizándolo

‘Non ote zaude?’ Argazkiko neskatoaren bila, memoria kolektiboaren bidez

Elkar argitaletxeak Hertzainaken errepertorioa baimenik gabe ustiatu zuela ebatzi du epaitegiak
