NAIZ
BAGDAD

Gutxienez 37 lagun hil ditu Estatu Islamikoak Bagdad ekialdean, auto bat zartarazita

Bagdad ekialdeko Sadr auzoan auto bat zartarazita gertatu den erasoaren ondorioz 37 lagun hil eta beste 65 zauritu egin dira, Efe agentziak aipatutako polizia iturrien arabera. Estatu Islamikoak hartu du bere gain atentatua.

Leherrarazi duten autoa txikituta geratu da. (Sabah ARAR/AFP)
Leherrarazi duten autoa txikituta geratu da. (Sabah ARAR/AFP)

Irakeko poliziak jakinarazi duenez, eguerdia iritsi aurretik (Euskal Herrian 10.00ak inguru zirela) jazo da erasoa, Bagdad ekialdean dagoen Sadr auzoan autoa zartarazi denean.

37 hildako eta hamarka zauritu (gutxienez 65) uzteaz gain, erasoak kalteak eragin ditu inguruko ibilgailu zein eraikinetan.

Segurtasun indarrek ingurua itxi dute eraso gehiago ekiditeko.

Ohar baten bitartez, Estatu Islamikoak atentatua erreibindikatu du.

Hirugarren egunez jarraian Iraken izandako hirugarren atentatua da. Urtezahar egunean Bagdaden bi eraso izan ziren, 28 hildako utzita eta atzo beste zazpi lagun zendu ziren hegoaldeko Al-Nayaf hirian izandako eraso batean.

Gaukoarekin gertatu bezala, aurreko egunetako atentatuok ere bere gain hartu zituen Estatu Islamikoak.

François Hollande presidente frantsesa Bagdadera iritsi eta gutxira izan da gaurko erasoa. Bertan dauden soldadu frantsesei bisita egiteaz gain, Irakeko agintariekin ere bilduko da Hollande.