NAIZ

Emakumeen Mundu Martxak elkarretaratzea deitu du Sara Majarenasen alabaren aurkako erasoa salatzeko

Emakumeen Mundu Martxak kontzentrazioa deitu du bihar arratsaldean Donostian Sara Majarenas euskal presoaren alabaren aurkako erasoa salatzeko. Indarkeria sexista kasua dela nabarmendu eta dispertsio politikaren ondorio kaltegarriak ere salatu ditu.

Emakumeen Mundu Martxak elkartasuna eta babesa adierazi dizkie Sara Majarenasi eta bere senideei eta haurrak eta amak une honetan dituzten beharretara egokitzen den tratua eta harremana izan ditzatela eskatu du. Horrekin batera, sakabanaketarekin bukatzeko exijitu du, «dakartzan ondorio kaltegarriak ikusita».

Ohar batean nabarmendu duenez, indarkeria sexista kasu baten aurrean gaude. «Indarkeria sexistak dimentsio anitz badituela adierazten dugu eta baita haurren kontrako bortizkeria sexistak ere: eraso fisikoak, psikologikoak, arduragabekeria fisikoa eta emozionala eta sexu ­abusuak. Egoera lazgarri horietako bat da zuzeneko indarkeria, eta horren muturreko adibide dugu Valentzian, dispertsioaren ondorioz dagoen Sara Majarenas euskal presoaren alabaren aurka haren bikotekide ohiak egindakoa», adierazi du.

Indarkeria sexistari, gainera, dispertsio politika eta espetxeen egitura patriarkala gehitu behar zaizkiola salatu du Emakumeen Mundu Martxak. «Espetxeek izaera patriarkala dute guztiz eta gizonen beharretara eginiko espazioak dira, horregatik emakume presoa izateak zapalkuntza bikoizten du. Eta bertan, ama izatean zapalkuntza eta eskubide urraketa areagotzen da», ohartarazi du.

Erasoa salatzeko bihar 19.30ean elkarretaratzea deitu du Donostiako Bulebarrean.