NAIZ
BILBO

Urtarrilak 4.101 langabe gehiago utzi ditu Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda

Langabezia erregistratuak gora egin du urtarrilean Hego Euskal Herrian, 4.101 langabe gehiago utzita, Enplegu Ministerio espainolak berri eman duenez. Guztira 180.319 pertsona daude Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako enplegu bulegoetan izena emanda.

Pertsona bat Lanbideren bulego baten aurretik pasatzen, Gasteizen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Pertsona bat Lanbideren bulego baten aurretik pasatzen, Gasteizen. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Urtarrila ez da hilabete ona izaten enpleguarentzat eta bukatu berri dena ere ez da salbuespena izan, 4.101 langabe gehiago utzi baititu Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda. Hala, Enplegu Ministerio espainolaren datuen arabera, 180.319 langabe daude erregistratuta Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroan.

Nafarroan %2,99 hazi zen urtarrilean langabezia erregistratua, aurreko hilabetearekin alderatuta 1.197 langabe gehiago baitzeuden. Aurreko urteko datuekin alderatuta, %8,58 egin du behera tasak (3.871 pertsona) eta egun 41.242 nafar dira enplegu bulegoetan izena emanda daudenak.

Arabari dagokionean, %2,95 egin zuen gora langabezia tasak urtarrilean (652 pertsona). 2016ko urtarrilaren amaieran baino 2.666 langabe gutxiago daude (%10,48 gutxiago) eta egun 22.783 arabar dira Lanbiden izena emanda daudenak.

Gipuzkoan, igoera %2,34koa izanda, urtarrila 864 langabe gehiagorekin bukatu zen. 2016arekiko, %11,22 jaitsi da langabezia erregistratuta (4.782 pertsona). 37.829 lagun daude enplegu bulegoetan izena emanda Gipuzkoan.

Bizkaian, %1,80 hazi da langabezia erregistratua (1.388 pertsona), guztira 78.465 langabetan kokatu delarik tasa. Iazko datuekin konparatuta, jaitsiera %9,53koa izan da (8.267 lagun).