NAIZ
DONOSTIA

Greba deitu dute martxoaren 22rako unibertsitatetik kanpoko hezkuntzan, EAEn

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek greba deitu dute unibertsitetik kanpoko hezkuntzan, Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, martxoaren 22rako. Bestetik, «astakeriatzat» jo dute Cristina Uriarte Lakuako Hezkuntza sailburuak PISAren emaitza txarren erantzunkizuna irakasleen gain jartzea.

Hezkuntzan greba deitu dute ELA, LAB eta STEILASek martxoaren 22rako. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)
Hezkuntzan greba deitu dute ELA, LAB eta STEILASek martxoaren 22rako. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)

«Azken urteotan, Iruñea eta Gasteizko gobernuek ezarritako murrizketek, hezkuntza inbertsio erabat eskasek eta inposaturiko hezkuntza erreforma basatiek behar dugun hezkuntza sistemaren aurka egin dute», salatu dute ELA, LAB eta Steilas sindikatuek. Honen aurrean, greba deitu dute martxoaren 22rako Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban.

Hezkuntza sistemen garapena bultzatzeko, sindiaktuek hezkuntza publikoko plantillak handitzea eskatu dute, 2.000 langile berrirekin EAEn eta 900 lanposturekin Nafarroan. Era berean, behin-behinekotasuna %6 batean murrizteko beharra nabarmendu dute, eta gela bakoitzeko ikasle kopurua %10 batean jaistea ere. Ordezkapenak berehalakoak izatea, bajak bere osotasunean ordaintzea eta jubilazioa ahalbidetzeko neurriak ere defendatu dituzte.

Honela, hezkuntza «LOMCEtik ateratzea, ezinbestekoa» dela adierazi dute, eta honen inguruan «hausnarketa kolektiboa» egiteko beharra azpimarratu.

PISA emaitzak

Bestetik, «astakeriatzat» jo dute Lakuako Hezkuntza sailburu den Cristina Uriartek «ikusmira irakasleen gain jartzea» PISAren emaitza txarrak hauen erantzunkizuna dela adieraztean. Honen aurrean, «bidean aurrera egiteko» beharra azpimarratu du, hezkuntza sistema berri baten alde lan egiteko. «Horretarako ezinbestekoa da negoziazioa kolektiboa hezkuntza publikoan eta lan baldintzen hobekuntza bat ematea».

Zentzu berean mintzatu da CCOO, Uriarteri errektifikazioa eskatu dio «arazoa XXI. mendera egokituta ez dagoen irakaslegoa» dela adierazi zuelako. Gogora ekarri du PISAk eman zituen emaitzak bi urte lehenago emandakoen oso antzekoak direla eta horrek «aldaketa gutxi bultzatu dela» erakusten duela. «Ez dugu onartzen Lakuak bere akatsak direnak irakasleei leporatzea», azpimarratu dute ohar batenbidez.