NAIZ

Donostiako metroaren pasantearen aurkako ekimen ugari antolatuko dituzte martxoan zehar

Ekintza informatiboetan, Gasteizen egingo diren elkarretaratzeetan eta Donostian izango den mobilizazioaan parte hartzeko deia egin dio Satorralaia mugimenduak gizarteari. Lakua, Donostiako Udala eta Gipuzkoako Aldundia egin ditu proiektuaren eta «gardentasun ezaren» erantzule.

Satorralaiak prentsaurrekoa eman du kanpaina iragartzeko. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)
Satorralaiak prentsaurrekoa eman du kanpaina iragartzeko. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)

Satorralaia bizilagunen mugimenduak ekintza ugari prestatu ditu martxoan, Donostiako metroaren pasantearen inguruan informatu eta ohartarazteko. Dbus-en ekintza informatiboak egingo dituzte martxoaren 4tik 15era eta Donostiako auzoetan informazioa zabalduko dute martxoaren 21etik 25era bitarteko astean. Modu berean, Gasteizera autobusa antolatzen ari dira martxoaren 16rako, Parlamentuaren eta Jaurlaritzaren aurrean pasantea geldi dezatela aldarrikatuz elkarretaratzeak egiteko.

Mobilizazioak apirilaren 1ean izango dute puntu gorena, ‘Metroko Pasanteari Ez!’ lemapean gipuzkoar hiriburuko Easo plazatik 12:00etan abiatuko den manifestazioarekin.

«Hirian desadostasun zabala pizten duen egitasmo horren inguruan erakundeek darabilten erabateko gardentasun-eza eta gizarteak erabakietan parte-hartzeko duen eskubidea hutsean uzten ari direla salatu nahi dugu lehenik», adierazi du Satorralaiak ohar baten bidez. Lakua, Donostiako Udala eta Gipuzkoako Aldundia egin ditu erantzule. «Lakuak ez die erantzunik ere eman egitasmo hori gelditzeko eta partehartze prozesu bat abian jartzeko egindako eskaerei. Donostiako alkate Eneko Goiak, berriz, gai honetan ezer egiteko aukerarik ez duela esaten du. Eta hori gutxi balitz, Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak espreski ezezkoa eman dio 8.916 donostiarren sinaduren babesarekin herri galdeketa bat egiteko aurkeztu diogun eskaerari».

Horrenbestez, uneotan «proiektuaren inposaketari aurre egiteko eta atzera botatzeko» herritarren mobilizazioa berrindartzea «ezinbestekoa» dela uste dute.