Maider IANTZI

Gazteak, elkartasunez esku emanez

Langileen elikagai bankua sortu dute 16 eta 23 urte arteko hainbat gaztek Errenterian. Inauteri egun batean egin dute bigarren banaketa, Gaztaño auzoko lokal batean. Nahi ditugun mozorroak jantziz edozer izan gaitezkeen garaian, ongi ez dauden gauzei buelta ematen ahal zaiela erakutsi digute.

Ikerlari txiki batekin gurutzatu gara Gaztañorako bidean, sendagile ñimiño batekin ere bai…Bankura elikagai bila joan diren familiek ere laster alde egin dute, umeak mozorrotzera. Eneritzi (asmatutako izena) lankide batek eman zion proiektuaren berri. «Aurreko banaketan egon zen bera. Ondo dago, familia asko gaudelako beharrarekin», adierazi digu. Whatsapp talde bat dute langileek langileentzat sortutako proiektuko kideek, eta bertan eskatu dituzte behar dituzten gauzak. Batez ere janaria, baina baita garbiketa produktuak eta oinetakoak ere.

«Ni lanean ari naiz, baina mutila langabezian dago. Ume bat dugu, ez dugu langabezia kobratzen eta ez zaigu iristen. Gastu asko daude eta nire soldata ez da handia. Familiak laguntzen digu eta orain egitasmo honekin laguntza gehixeago dugu», azaldu digu, semea ondoan duela. Eneritzen ustez, laguntza gehiago behar dira eta jendeak badaudela jakin behar du.

Berak ere emanen dio laguntza bankuari, proiektua ez baita karitatezkoa, elkartasunezkoa baizik. Estatu mailako ekimena da, 2015ean Madrilen sortua. Bartzelonan dago, Valentzian, baita Bilbon eta Errenterian ere. Kasik 40.000 biztanlera iristen den herrian (Gipuzkoako hirugarren pobreena, 2.538 langaberekin eta diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten 1.100 lagunekin) kartelak jarri zituzten telefono zenbakiarekin, eta hala ezagutu zuen ekimena Estherrek (hau ere asmatutako izena). Beraunen egin zen aitzineko banaketan ere egon zen. Bi haur dituzte eta bera eta bikotekidea lanik gabe daude. Gutxieneko laguntza jasotzen dute. Estherrek egun soltetan lan egiten du aldi baterako laneko enpresa batentzat. «Urte asko daramagu horrela. Bost urte bai», dio janari poltsa gurdian sartzen duen bitartean. «Edozer gauza behar baduzue deitu, bai?» erranez agurtu ditu gazteak. Txantxak eginez eta irribarrea ateraz ere bai.

Jendea animatu nahi dute

Familia guztiak pasatu direnean poza sumatu dugu gazteengan. Familienganako interesa ere bai. Hamar bat lagun izanen dira lokalean, txaleko laranjekin, eta zerbait egiten ari dira guztiak. «Beraunera noa. Umea bronkitisarekin duela eta ezin izan dela etorri erran dit familia batek», dio batek. «Nik eramango diot janaria, bertara igo behar dut-eta», erantzun bertzeak. Ander eta Aitzolek agertu dutenez, kontziente dira sistema honetan bizi garen bitartean miseria egonen dela, eta beharra ikusten dute berdinetik berdinera laguntzeko miserian dauden horiei. Lokal bat lortu, lehendabiziko janari bilketa egin eta familiekin harremanetan jarri ziren. «Erraza izan zen», diote. «Hamasei familia etorri ziren».

Bilketa abenduaren 23an eta 24an egin zuten. Babesa zabala izan zen. 300 kilotik gora janari jaso zituzten supermerkatuetan. «Eragile sozialak gara. Herritarrekin lanean aritu nahi dugu, kontzientziatzen saiatuz. Denetariko familiak datoz janari bila. Guri ere gerta dakiguke hala egotea».

Proiektuari jarraipena eman nahi diote, jendearen beharretara moldatuz. Bertze herrietako jendea ere animatzen dute pausoa ematera (Kontaktua: bosaoreretaerrenteria@gmail.com. Facebooken ere badaude).