NAIZ
DONOSTIA

Zulo bat topatu du Guardia Zibilak Irunen, lehergaiekin

Guardia Zibilak zulo zahar bat topatu du Irunen eta ETArena izan litekeela uste du. Lehergaiak dituzten zazpi bidoi daude zuloan, espainiar Barne Ministerioaren arabera.

Guardia Zibila, aurkitutako materiala aztertzen. (Ander GILLENEA/AFP)
Guardia Zibila, aurkitutako materiala aztertzen. (Ander GILLENEA/AFP)

Barne Ministerio espainiarrak berri eman duenez, Guardia Zibilak ETArena izan litekeen zulo bat topatu du Irunen, landa-eremu batean.

Goizeko 9.00ak aldera hasi dira zuloa miatzen eta arratsaldeko 18.00etan alde egin dute, aurkitutako material guztia eraman dutenean.

Lehen zantzuen arabera, aspaldi erabili gabeko zuloa dela uste du Guardia Zibilak.

Zazpi bidoi aurkitu dituzte eta, besteak beste, honako materiala zegoen: zazpi tenporizadore, kordel detonatzailea, lehergailuak prestatzeko substantziak eta dokumentazio desberdina, tartean hainbat ‘Zutabe’.

Ministerioaren arabera, argitu gabeko ETAren ekintzak ikertzen ari zela aurkitu du Guardia Zibilak zulo hau.