
Ehunka herritar irten ziren kalera larunbat ilunabarrean Morales presidentearen burua eskatzera, agintariei leporatzen baitiete adingabeen zentroan gertatutako tragedia. Umeek zein helduek, gazteek zein zaharrek, erantzuleak kartzelan sartuta ikusi nahi dituzte. Kulturaren Jauregi Nazionalaren parean Unibertsitateko ikasleek bat egin zuten protestaldiarekin.
«Ez zuten horrela hiltzea merezi», irakur zitekeen nerabe batek zeraman kartelean. Manifestari batzuk oso haserre zeuden, Virgen de la Asuncion Etxeko adingabeen egoeraren inguruko salaketak 2015ean hasita baitzeuden, baina tarte horretan ez da ezer egin azkenean gertatu dena saihesteko. Jauregi Nazionalera doan bidean makina bat idatzi eta lore ipini dituzte herritarrek, hildakoen izenak gogora ekarriz.
«Ez zuten bakerik ezagutu»
«Neskato horientzako justizia eskatzen ari gara, batez ere, bertako umeek ez baitzuten inoiz ezagutu ez bakerik ez lasaitasunik, ‘etxe seguru’ deitutako leku batean. Kontzentrazio-eremu bat besterik ez zen», adierazi zien kazetariei Amilcar izeneko manifestari gazteak. Berak garbi dauka zer gertatu den: «Agintariak dira errudun».
Horregatik, Guatemalan bertan ikerketa egin beharrean, berak nazioarteko adituak nahi ditu gertatutakoa argitzeko ahaleginetan, eta horregatik Amnesty International eta Unicef bezalako erakundeei herrialdera ikertzaileak bidaltzeko eskatu zien.
PDH Giza Eskubideen Prokuradoretzari eta PGN Nazioko Prokuradoretza Nagusiari beren lana egin ez izana egotzi diete herritarrek, teorian erakunde horiek baitira adingabeak babestu behar zituztenak. «Huts egin duzue», esan zieten manifestariek lurrean margotutako mezu batean. Morales presidenteari ere huts egin izana leporatu zioten, batez ere CNN AEBetako telebista katearekin egindako elkarrizketa batean agintariak berak onartu baitzuen tragediaren biktimak «giltzapetuta» zeudela eta, beraz, ez zutela ihes egiterik.
Bandera beltz batzuk ere atera zituzten herritarrek, dolua adierazteko. Emakume batzuek zabaldu zuten mezuan bizirik ateratakoei eskatzen zieten Estatua bera salatzeko, isilik geratu beharrean.
Cacif Guatemalako enpresarien elkarteak berak ere ikerketa «sakona» egiteko eskatu die agintariei.
Orain arte jakin denaren arabera, hildako eta zauritutako adingabeak protesta egiten ari ziren Emakumeen Nazioarteko Egunean, pairatzen dituzten sexu gehiegikeria eta abusu fisikoengatik. Koltxoi batzuei su eman zieten. Hildako neskak eskola batean zeuden, giltzapetuta, aurreko egunean egindako beste protesta baten eraginez.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años

Multa de 400 euros por protestar en la inauguración del Culinary Center de Gros

El equipo de gobierno de Iruñea pide la dimisión de Ibarrola y Adanero por «difundir bulos»
