Gotzon ARANBURU

Duela 80 urteko egun beldurgarri hura

1937ko martxoaren 31ko egunsentia argia izan zen Bizkaian, zeru urdin lainorik gabekoa. Baina orduak pasa ahala duela 80 urteko egun hura gure historiako beltzenetakoa bihurtuko zen, huraxe aukeratu baitzuen Francoren armadak Euskal Herri osoa bereganatzeko falta zuen azken lurraldeari eraso egiteko. Goizeko zazpietan, hogei hegazkin aleman –Junkers 52 motakoak– zeruratu ziren eta Otxandio gainean bonba andana askatu zuten. Ordubete nahikoa izan zuten izugarrizko triskantza egiteko. Eta hasiera besterik ez zen.

Durangoko bonbardaketan 336 lagun inguru hil ziren.
Durangoko bonbardaketan 336 lagun inguru hil ziren.

Alemaniarrak bakarrik ez, hegazkin italiarrak ere izan ziren erasotzaile, hain zuzen ere Savoia motako hiru aparatu, hauetako bakoitza mila kilo bonbarekin. Bonbaketarien ondoren, ehizako hegazkinen txanda iritsi zen. Hauek mendietako lubakietako gudariak birrindu zituzten, eta atzetik ailegatu ziren Heinkel 111 eta Dornier 17 hegazkinek txikizioari jarraitu zioten. Ehizeko hegazkinek errepideetan zebilen ibilgailu oro txikitu zuten, erasotuek babesa jaso zezaten galeraziz, eta irrati bidezko komunikaziorako poste eta kableak ere birrinduta geratu ziren.  Esan daiteke duela 80 urteko egun hartan hasi zirela naziak II Mundu Gerrarako prestatzen, aireko erasoei zegokienez. Francoren ofentsiba ez zen zerutik bakarrik etorri, ordea. Lurrean ere indartsu zeuden armamentuz nazionalak, ehun kainoi baino gehiago batera hasi baitziren tiro egiten. Eta bi orduko zigor beldurgarriaren ondoren, infanteriaren erasoa hasi zen. Berehalaxe eskuratu zituzten frankistek Maroto, Albertia eta Jarindo mendiak.

Bonbaketarien ondoren, ehiza-hegazkinen txanda iritsi zen. Hauek mendietako lubakietako gudariak birrindu zituzten, eta atzetik ailegatu ziren Heinkel 111 eta Dornier 17 hegazkinek txikizioari jarraitu zioten. Ehiza-hegazkinek errepideetan zebilen ibilgailu oro txikitu zuten, erasotuek babesa jaso zezaten galaraziz, eta irrati bidezko komunikaziorako poste eta kableak ere birrinduta geratu ziren. Esan daiteke duela 80 urteko egun hartan hasi zirela naziak II Mundu Gerrarako prestatzen, aireko erasoei zegokienez. Francoren ofentsiba ez zen zerutik bakarrik etorri, ordea. Lurrean ere indartsu zeuden armamentuz faxistak, ehun kanoi baino gehiago batera hasi baitziren tiro egiten. Eta bi orduko zigor beldurgarriaren ondoren, infanteriaren erasoa hasi zen. Berehala eskuratu zituzten frankistek Maroto, Albertia eta Jarindo mendiak.

Dozenaka gudari geratu ziren lubakietan lurperatuta hegazkinen bonbek hilda, tiro bakar bat ere egitera iritsi gabe. Armada errepublikarraren arabera, artilleriari zegokionez 8-1 erlazioa egon zen egun hartan borroka eremuan. Infanteriari dagokionez, 5-1ekoa izan zen. Hegazkinei zegokienez, eta hori zen zalantzarik gabe armarik erabakigarriena, airean zegoen guztia frankistena zen. Egun hartan ikusi zuen mundu guztiak mendiak ez zirela jada babesgarri eta armada erasotzaileek aurrera egiteko oztopo, ordura arteko gerretan gertatu bezala. Izatekotan ere, traba, erraz gainditu zitekeen traba.

Frankisten kronikagile ezagunena Tebib El Arrumi (Victor Ruiz Albeniz) kazetaria izan zen. Tropekin batera egin zuen gerra El Arrumik eta haren kronikak bertatik bertakoak dira. Hark utzi zuen idatzia: «Bizkaia errekonkistatzeko Generalisimoak berrogeita hamar mila gizon inguru zituen prest. Zeuzkan hegazkin guztiak ere Bizkaiko ofentsibarako ekarri zituen Gasteiza, baita alemaniarren Condor Legiokoak eta italiarren Aviación Legionaria-koak ere. Azken orduan, Malagako bataila bukatuta, han aritutako boluntario italiarren Flechas Negras brigada ere Bizkaira igo zen».

«Gure soldaduek –jarraitzen du El Arrumik– erasora jo dutenean, egiaztatu dute aireko eta artilleriako erasoek eragindako suntsiketa ikaragarria izan dela –«terribles efectos destructores» hitzez hitz– eta hauts bihurtuta geratu direla erresistentziaren posizioak. Gorriek ezusteko izugarria izan dute, ez baitzuten espero hain bortitza izan zitekeenik gure erasoa».

Beste kazetari frankista batek, ‘Norte’ egunkarikoak, antzeko irudia eman zuen: «Deiadar bat entzun da, ‘¡Viva España!’, eta milaka gizonek errepikatu dute oihua, etengabe tiro egiten duten bitartean. Badirudi gerturatzen ari garela etsaiaren lerroetara, baina ezin da zehatz jakin, artilleriak parapetoak birrindu dituelako. Eztandek airean botatzen dituzte pinuak eta txikitutako gorputzak, dantza makabroan. Hogei trimotore dabiltza zeru urdinean, lehergaiak lubakietara erortzen uzten». Hitzez hitz: «Es un inenarrable concierto de metralla».

«Giza-haragizko tontorrak»

Errepublikarren dokumentu batek bestelako xehetasunak ere ematen ditu: «Bederatzi eta erdiak aldera hasi da infanteria Marotori eraso egiten. Taldeka datoz alanbre hesiak mozten saiatzera, baita esolak ateratzera ere. Askok ez dakarte fusilik. Avellaneda batailoiaren metrailadoreek eta esku-bonbek sailean eraisten dituzte, eta oso gutxi dira bizirik ihes egitea lortu dutenak. Behin eta berriro saiatu dira, eta behin eta berriro atzera eginarazi diegu. Giza-haragizko tontorrak egin dira alanbre hesien kontra. Hau ikusita taktikaz aldatzea erabaki dute, berriro artilleriaren eta hegazkinen bonbardaketari ekinez».

Izenak ere aipatzen ditu txostenak, horien artean heroi batenak: «Hamarrak aldera egoera oso txarra da Maroton. Goiko aldean, hilda daude Kamiruga tenientea eta beste hamalau gudari. Beheko aldean Iñaki Larrea eta Jaime Villanueva kapitainak daude; hauen gizonen erdiak hilda edo zaurituta daude. Bizirik geratzen diren gudariei Jarindora erretiratzeko agindu diete kapitainek, baina Larreak bestelakorik egin du: esku bonba bat eta pistola bat hartu eta etsaiarengana jo du, tiroka. Topo egin dutenean, etsaiek matxete kolpez hil dute».

El Arrumiren kronikek garaipen usaina dute gehiago odol usaina baino: «Etsaiari hiru mendiok kenduta, biharamuneko erasorako dena prest eduki beharra dago. Soldaduak euforiko daude, morala izugarria da eta denak pentsarazten digu garaipenak errenkadan izango ditugula berehala».

Durangoko bonbardaketa



Martxoaren 31 malapartatu hartan izan zen beste gertakari izugarri bat. Durangoko bonbardaketaz ari gara. Ondoren ez du izan handik gutxira gertatuko zen Gernikakoaren «sona», baina berebiziko krudeltasuna izan zuen honek ere. Ez, ordea, margotuko zuen Picassorik.

Frankistek susmoa zuten Durangon arma fabrikak ote zeuden. Eta elizak ere ez ote zituen tailer bihurtu Eusko Jaurlaritzak. Susmo horrek eraginda, edo besterik gabe herritarrak hezurretaraino izutzeko asmoz, herria bonbardatzeari ekin zioten. Gizon, emakume, ume eta zahar, 336 durangar hil zituen bonbardaketak, horietako asko elizan meza aditzen ari zirela. Santa Susanako kapelan hamalau moja hil ziren, Jesuiten elizan ere hildakoak izan ziren, baita Santa Maria elizan ere, eta Dames de Nevers eskolan ere bai. Ospitala ere txikitu zuten alemanen bonbek, eta Euzkadi igarobideko hogei bat etxe.

Geroago Gernikan egingo zuten bezala, krimenari gezurra gehitu zioten frankistek. Radio Valladolidek esan zuenez, «konfirmatuta dago gorriek erre dituztela Durangoko elizak. Santa Maria elizari jendez beteta zegoela eman diote su». Donostiako ‘Diario Vasco’ egunkariak, berriz, justifikatu egin zuen bonbardaketa: «Gure indarren aurreneko helburuetako bat tailer horiek apurtzea zen, hala gorri-separatisten armen iturri nagusia lehortuz».

Alfonso Merry del Val frankista ezagunak onartu egin zuen alemaniarrek burutu zutela bonbardaketa «elizak kuartel militar bihurtuta zeuden ustea zuelako Mola generalak (…) gertaera tamalgarria izan zen, eta norbaiti min eman bazion Francori eman zion, Espainian erlijioa berrezarri zuenari».

Azazetako fusilamenduak

Egun beltz haren kronika osatzeko, beste gertaera bat aipatu behar, Azazetako fusilamenduak. Mola generalak Gasteiza bisita egin zuen martxoaren 27an, Bizkaiaren kontrako ofentsiba prestatzeko. Bide batez, espainiar militar odolzale hark euskal herritarrei abisua eman nahi izan zien, hiltzea ez zitzaiola axola. Hamasei gizoni bizia kentzeko agindu zuen, eta joera politiko ezberdinetakoak izan zitezela erabaki zuen, inor salbu ez zegoela ikustarazteko, ezta ardura politikorik izan ez zutenak ere. Kartzelatik atera eta Azazetako portura eraman zituzten kamioi batean, eta han fusilatu guardia zibilez, falangistez eta errekete nafarrez osatutako taldeak.

Hauek dira 1937ko martxoaren 31ko gau hartan hildako hamasei pertsonak: Teodoro Gonzalez de Zarate, Gasteizko alkatea (Izquierda Republicana); Francisco Diaz de Arcaya, Gasteizko zinegotzia (PSOE); Jose Luis Abaitua (EAJko burukidea); Victor Alejandre (Partido Republicano Radical Socialistako militantea); Eduardo Covo (Telegrafoetako langilea); Jaime Conca (nekazaria); Jose Domingo Elorza (margolaria, PSOE); Constantino Gonzalez (bizargina); Francisco Garrido (ajustadorea, CNT); Prismo Hermua (morroia, CNT); Antonio Garcia (mekanikoa); Jesus Estrada (mekanikoa, PCE); Daniel Garcia de Albeniz (nekazaria, CNT); Manuel Jose Collel (Unión Republicana); Manuel Hernandez (trenbideetako langilea); eta Casimiro Cerrajeria (piroteknikoa, UGT).