NAIZ
BILBO

Sortu: «Lau guardia zibilen absoluzioak erakusten du torturak zigorgabea izaten jarraitzen duela»

Sandra Barrenetxearen torturatzea egotzita epaitutako lau guardia zibilen absoluzioaren aurrean kezka agertu du Sortuk, Bizkaiko Auzitegiaren erabakiak erakusten duelako «torturak oraindik ere zigorgabea izaten jarraitzen duela».

Sandra Barrenetxea torturatzea egotzita epaitutako lau guardia zibilak. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Sandra Barrenetxea torturatzea egotzita epaitutako lau guardia zibilak. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Sandra Barrenetxea torturatzea egotzita Bizkaiko Auztegian epaitu zituzten lau guardia zibilen absoluzioaren harira igorritako ohar batean, Sortuk azpimarratu du erabakiak erakusten duela «torturak oraindik ere zigorgabea izaten jarraitzen duela».

«Epaiketan ikusi genuen Sandra Barrenetxeak nola ezagutu zituen hiru guardia zibil eta burutik kendu izanda gabiltza haren lekukotza lazgarria», gaineratu dute.

Alderdi abertzaleak gogoratu duenez, Istanbulgo Protokoloak egiaztatu zuen Sandra Barrenetxearen tortura testigantza. «Erabat larria izango litzateke epaileek albo batera utzi izan balute nazioartean torturen testigantzak egiaztatzeko homologatuta dagoen metodoa», gaineratu dute.

Euskal Herrian egiaztatutako 5.657 kasuetatik «bakan batzuk baino ez» dituztela zigortu nabarmendu du Sortuk, adieraziz tortura «sistematikoa» izan dela eta «hamarkada luzeetan pairatu dutela herritar askok».

«Eragile gehientsuenon artean bake eta bizikidetza agertoki berri batera urratsak ematen ari garen une honetan, mingarria da torturak zigorrik gabe segitzea», esan du alderdiak. Sorturen abruruz, «benetako bakea eta bizikidetza lortzeko, torturaren biktima guztien aitortza, justizia eta erreparazioari heldu beharko zaio».

Azkenik, alderdiak babesa eskaini die Barrenetxeari eta «torturen biktima izan arren haien sufrimenduak oraingoz aitortza publikorik izan ez duten guztioi».