GARA
BILBO

Arrigorriagako Nazioarteko Clown eta Pailazo Jaialdia, prest

Bederatzi konpainia izango dira aurten Arrigorriagako Nazioarteko Clown eta Pailazo Jaialdian. Hiru Euskal Herrikoak, hiru Estatu espainoletik etorriak eta hiru atzerrikoak. Antolatzaileen asmoa, publiko guztiek gustuko izango duten egitaraua osatzea.

Hogeita bi urte dira Nazioarteko Clown eta Pailazoen Jaialdia egiten dela eta aurten ere dena prest da maiatzaren 5, 6 eta 7an Arrigorriaga umorez janzteko.

Bederatzi konpainiak osatzen dute aurtengo programazioa. Hiru dira Euskal Herriko taldeak, beste hiru Katalunia, Andaluzia eta Madrildik iritsitakoak, eta gainerako hirurak nazioartekoak, Italia, Japonia eta Argentinakoak.

Denera bi ikuskizun eskainiko dituzte euskaraz, beste bi gaztelaniaz, eta gainerakoak, beste bost, testurik gabeko lanak izango dira.

Herriko hiru gunetan garatuko dira ikuskizunak: Udaletxe Plazan, frontoian eta kiroldegian. Emanaldi guztiak doakoak izango dira aurten ere. Aurtengo jaialdiaren aurrekontua 55.000 eurokoa da.

«Kalitatea»

Amagoia Garaizabal Armestok, jaialdiaren zuzendari eta Arrigorriagako Udaleko Kultur teknikariak, atzo Bilboko aurkezpenean azaldu zuenez, clown-a eta umorea jorratzen duten kalitate handiko proposamenak ikusteko aukera egongo da.

Circolabile konpainia italiarraren “O como… cacahuete” ikuskizunarekin hasiko da jaialdiaren egitaraua. Gainera, clown eta keinu-antzerkiko ikuskizun batez gozatzeko aukera izango da, Kataluniako Cristina Sole konpainiaren “Wet floor”, hain zuzen ere.

Barre konpainiaren “Eskobien atzetik” lanak emango dio hasiera larunbateko programazioari, akrobazia eta objektuen manipulazioa bezalako teknikak landuz. Ondoren, Naoto Okadak yo-yoa jostailu bat baino askoz gehiago dela erakutsiko du. Japoniako bi txapelketa eta munduko bi titulu irabazi ditu artista japoniarrak. Argentinatik etorritako Duo Laos taldeak “Otros aires” antzezlana eskainiko du, non tangoa, rock latinoamerikarra, dantza klasikoa eta binakako akrobaziez gozatzeko aukera egongo den.

Eta Andaluziako La Banda del Otro konpainiaren “Yee-Haw” ikuskizuna izango da larunbateko azkenengo proposamena. Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoak izango dira igande goizeko protagonista nagusiak Arrigorriagan. Ondoren, Naoto Okadaren eta Duo Laos taldearen ikuskizunekin gozatzeko aukera izango du publikoak bigarren aldiz. Bambolea konpainiak, Alas de Circorekin elkarlanean, “Bambalas” aurkeztuko du.

“Lurrak” euskal ikuskizunak emango dio amaiera Arrigorriagako XXII. Nazioarteko Clown eta Pailazoen Jaialdiari. Lau akrobatak, lau musikarik eta clown batek egindako lana konbinatuko dira proposamen honetan, lur honetatik jaiotako istorio sinple baina ikusgarri eta hunkigarria sortuz.

Ikuskizunez gain, bi ekintza paralelo eskainiko dituzte: tailer bat eta erakusketa bat. Madrilgo Bambolea taldeak haurrentzako zirku tailerra eskainiko du maiatzaren 5ean Eskola Publikoan. Bestalde, Udaletxeko Erakusketa Gelan, Huescako Civi-Civiac taldearen “Asmakizunen Azoka” jardueraz gozatzeko aukera izango dute bisitariek maiatzaren 3tik 14ra arte.