Asier AIESTARAN
IURRETA

Ikuskizuna ziurtatuta, 30 urte beteko dituen Emakumeen Biran

Emakumeen Birak urteurren borobila beteko du aurten, maiatzaren 17tik 21era ospatuko den 30. edizioarekin. Etapetako bi Bizkaian izango dira, beste bi Gipuzkoan eta bat Nafarroan.

Emakumeen Biraren 30. edizioaren aurkezpena. (Luis JAUREGIALTZO/BILBO)
Emakumeen Biraren 30. edizioaren aurkezpena. (Luis JAUREGIALTZO/BILBO)

Azken urteetako ohiturari jarraituz, Emakumeen Bira Bizkaitik irten eta beste herrialdeetara iritsiko da. Bost etapetatik aurreneko biak bakarrik izango dira Bizkaiko errepideetan –beste bi Gipuzkoan amaituko dira eta Nafarroak ere hartuko du bere etapa–.

Lasterketa maiatzaren 17an abiatuko da Iurretan hasi eta amaituko den lehen jardunaldiarekin. Etapa motza izango da, 50 kilometrokoa, baina faboritoek oso tentuz ibili beharko dute: amaieratik 12 kilometrora txirrindulariek Uruningo aldapa bortitza igo beharko baitute.

Bigarren etapak Markina-Xemein izango du irteera eta helmuga. Guztira 90,2 kilometroko ibilbidea, baina mendate gogorrena (San Miguel), amaieratik ia 40ra –aurrez Milloi Gane ere igo beharko dute–.

Hirugarren etapak Gipuzkoara egingo du jauzi eta Antzuola izango du erdigune. Kasu honetan ibilbideak 77,6 kilometro ditu eta mendate oso aipagarri bat: Deskarga.

Larunbatean, maiatzaren 20an, Etxarri Aranatzetik irtengo dira txirrindulariak eta Aralarko San Miguelen bukatuko dute. 58 kilometroko ibilbide gogorra egin beharko dute; lehenik Zuarrarrate igo beharko dute (6,5 kilometro %5eko bataz besteko penditzarekin), eta ondoren Aralarko San Miguel (13,2km %4,4ra).

Proba maiatzaren 21ean, amaituko da Errenterian, beste jardunaldi ikusgarri batekin. Azken 30 kilometroetan Arkale eta Jaizkibel (9,4km %4,8ra) igo beharko dituzte, eta sailkapena irauli nahi duten emakumeek hortxe izango dute beren maila erakusteko azken aukera.

Women World Tour zirkuitu nagusian sartzea lortu ez badu ere, Emakumeen Birak goi mailako parte hartzea izango du. Atzerriko hainbat izen famatu Iurretako irteeran izango dira, eta baita etxeko txirrindulari onenak ere, tartean Ane Santesteban, orain aste batzuk jasan zuen istripu larritik osatu ostean.