NAIZ
DONOSTIA

Mozketa eta muntaketa, 65. Zinemaldiko kartelaren protagonistak

Husmee diseinu grafikoko estudioak diseinatu du Donostia Zinemaldiaren 65. irudia. Kartela 24 fotogramako erretikula batez osatuta dagoen kartelak, mozketa eta muntaketaren kontzeptuekin jolasteaz gain, erritmmoaren eta mugimenduaren ideia ere iradokitzen du.

Jose Luis Rebordinos, 65. Zinemaldiaren kartelaren ondoan. (ARGAZKI PRESS)
Jose Luis Rebordinos, 65. Zinemaldiaren kartelaren ondoan. (ARGAZKI PRESS)

Tabakaleran aurkeztu dute Donostia Zinemaldiaren 65. edizioaren kartela. Husmee diseinu grafikoko estudio donostiarrak aurkeztutako proposamena da Sail Ofizialaren irudi izateko aukeratu dutena.

24 fotogramako erretikula batez osatuta dago kartela eta, bertan, mozketa eta muntaketaren kontzeptuetan oinarrituta, erritmoa eta mugimendua ere iradokitzen ditu.

Sona handiko estudio eta diseinugileek aurkeztutako zortzi proposamenen artean aukeratu dute Husmeeren lana.

Irudi nagusiaz gain, Zinemaldiak antolaturiko kartel-lehiaketaren irabazleak zein izan diren ere jakinarazi dute agerraldian, hain zuzen ere, Zuzendari Berriak, Horizontes Latinos, Perlak, Zabaltegi - Tabakalera eta Culinary Zinema sailetarako aukeratutakoak.

Honako hauek osatu dute epaimahaia: Jorge Primo diseinatzailea, 64. edizioaren irudia egin zuena; Miren Arzalluz, Etxepare Institutuaren zuzendaria; Lur Olaizola, Tabakalerako Zinema eta Ikus-entzunezkoen Programazioaren koordinatzailea, eta Donostia Zinemaldiko zuzendaritza taldearen bi kide.

Kategoria bakoitzean hogei proposamen izan dituzte aukeran; hamar publikoaren 61.592 botoek hautatuta eta hamar Zinemaldiko lantaldeak aurkeztutako 1.620 proposamenen artetik hautatuta.

Zuzendari Berriak sailean ‘Lehendabiziko hegaldia’ nagusitu da, «norabide berria» bilatzen duen hegazkin «ausarta» erakusten duena. Angel Aldarondok diseinatu du, eta harena da baita ere Horizontes Latinos sailean irabazi duen proposamena, ‘Harresiak’ izenekoa, non margolari batek «askatasun-nahia» proiektatzen duen.

Maite Rosende diseinatzaileak kristalari buruzko gogoeta plazaratu du Perlak sailerako sortutako lanean, eta Sara Zamarrok, berriz, hegaldiaren metaforari berriz heldu dio Zabaltegi - Tabakalera sailerako; helmuga oraingoan «horren aurreikusgarria» ez bada ere.

Azkenik, TGA estudioak austeritatearen hautua egin du gastronomiaren eta zinemaren kontzeptuak Culinary Zinema sailerako irudian uztartzeko orduan.

65. edizioaren atzera begirakoaren zein Savage Cinema sailaren kartelak ere erakutsi dira. Lehena Ingalaterran finkatutako Joseph Losey zuzendari estatubatuarrari eskainiko zaio, eta Eurosintesisek diseinatu du Zinemaldiarekin batera; eta bigarrena, iaz bezala, Maurixek sortu du, 1950eko eta 1960ko hamarkadetako parke naturalen postalei keinua eginda.

Prentsaurrekoan, Zinemaldiaren zuzendari Jose Luis Rebordinosek edizioaren zenbait gako aurreratu ditu. Azaldu duenez, talentu berriak aurkitzea izango da, berriz ere, ardatzetako bat. Hizkuntza ez-hegemonikoetan eginiko Europako filmei zuzendutako Glocal in Progress industria-jarduera berria abian jarri izana gogora ekarri du.