Jon Ormazabal
EIBAR

Txapelduna estutzea lortu du Rezustak, baina finala Irribarriak jokatuko du (22-17)

Aramarra 21-9 aurreratu den arren, sakea berreskuratuta, Bergarakoa, arriskatuz eta asmatuz lau tantotara gerturatu zaio partida ikusgarri batean.

Irribarria, garaipena ospatzen. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Irribarria, garaipena ospatzen. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Aspaldi buruz buru inork eman ez dion berotua eman dio Beñat Rezustak Iker Irribarriari Astelenan jokatutako finalerdikoan, baina aramarrak jokatuko du Manomanistako finala Oinatz Bengoetxearen aurka hilaren 28an Bilbon.

Ikusmina piztu du bi ezkerren arteko partidak eta pilotazalea gustura irten da pilotalekutik, ohikoak ez diren zenbait gauza ikusi dituelako; esaterako Irribarriak, ezker oina paretean jarrita, eramandako pare bat sake. Emozio pixka bat falta izan zaio hasieratik lehiari, baina azkenean berdintasuna ere izan du, Bergarakoak, 8 tanto jarraian eginda, aurrelariak berak onartu bezala «prakak zikintzera» eraman duenean, 21-17 gerturatuta.

Ordura arte Iker Irribarria oso nagusi izan da partidan, batez ere buruz burukorako errekurtso gehiago erakutsi dituelako. Gaur ez du aurkaria kolpez apurtzea lortu, baina defentsan ere ikaragarrizko dohainak dituela erakutsi du, batez ere boleaz. Gauzak horrela, eta Rezustaren huts batzuk ere baliatuta, erraz joan da markagailuan hirunako berdinketaren ostean.

Hala ere, dena eginda zuenean azaldu da Rezustarik onena eta Bergarakoa ere gustura joan daiteke etxera, modalitate honetara ere bikain molda daitekeela erakutsi baitu.