NAIZ

TAO ordaintzeko mugikorretarako aplikazio berria

«BilbaoPark» izeneko aplikazioa sortu du Udalak mugikorraren bidez ordainketak egiteko. Aplikazioak parkimetroek dituzten funtzio berdinak ditu, baina desaparkatzeko aukera ere izango du erabili ez den denbora beste une batean erabiltzea ahalbidetuz.

«BilbaoPark» aplikazioa.
«BilbaoPark» aplikazioa.

App berria Android bertsioan eskuragarri dago asteazken honetatik, eta iOS bertsioan laster egongo da sakelako telefonoetarako. Gainera, webguneko bertsio bat egongo da edozein ordenadoretatik erabili ahal izateko.

Aldi berean, hiriko parkimetro guztiak berritu egingo dira, eta datozen egunetan, TAOko teknikariek makina guztien interface-a eraberrituko dute. Lan hau egin bitartean, aplikazio berriak TAO gune guztietan aparkatzeko zerbitzua bermatuko du.

Aldaketa horiek eginda, parkimetroak kontroleko gune berri batera lotuta geratuko dira. Horrela, Bilboko Udalak sistema guztia gobernatu ahalko du maila operatiboan eta teknikoan. Gainera, parkimetro guztiek edukiko dute txartelaz ordaintzeko sistema, baita pantaila zabalagoa ere. Pantaila honek ikonografia modernoagoa eta ulertzeko erraza izango du.

Azken belaunaldiko 32 parkimetro jarriko dituzte. Hauek txartelaz ordaintzeko modu segurua izango dute, beste parkimetroen antzera, baina, horrez gain, ukimen pantaila eta QR kodearen irakurgailua edukiko dituzte, besteak beste, salaketak ezeztatzea errazteko. Horretarako, isunaren paperaren kodea pantailan hori irakurtzeko dagoen puntuaren gainetik pasatu besterik ez da egin beharko.

Aldaketa horiek egin eta gero, Bilbon 559 parkimetro egongo dira. Bilboko TAO gune guztietan modu orekatuan egongo dira banatuta, erabiltzaile guztiek tiketa ematen duen makina batera erraz heltzea ahalbidetzeko.