NAIZ
HANBURGO

G20 taldearen bilera hasi da Hanburgon, protesta eta segurtasun neurri izugarriekin

Munduko potentzia ekonomiko nagusietako eta garapen bidean diren herrialdeetako buruzagiak biltzen dituen G20 taldearen gailurra «nazioarteko terrorismoari» buruzko bilera batekin hasi da. Kalean protestak eta manifestari eta Poliziaren arteko liskarrak izan dira nagusi atzotik.

Vladimir Putin eta Angela Merkel, elkarri bostekoa ematen. (Odd ANDERSEN/AFP)
Vladimir Putin eta Angela Merkel, elkarri bostekoa ematen. (Odd ANDERSEN/AFP)

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak egin die harrera G20 taldeko herrialdeetako Gobernu eta Estatu buruei Hanburgoko portuko feriagunean. «Nazioarteko terrorismoa» dute aztergai lehen bileran, eta horren ondoren merkatu librea eta aldaketa klimatikoa jorratuko dituzte bi egunetan.

Goi-bilerako saioekin batera, ikusmin handia sortu duen bilera izango da Hanburgon: Donald Trump eta Vladimir Putin AEB eta Errusiako presidenteen artekoa, hain zuzen ere.

19.000 polizia

G20aren gailurra segurtasun neurri handiekin egiten ari dira eta nazioarteko buruzagiak bilduko diren tokia erabat inguratu dute, inor ez hurbiltzeko. 19.000 polizia baino gehiago zabaldu dituzte hiri osoan Alemaniako agintariek.

Gailurra hasi baino ordu asko lehenago protesta ugari izan dira. Bart istiluak izan dira manifestari eta Poliziaren artean, eta honek emandako datuen arabera 44 lagun atxilotu dituzte gaur gauean eta 111 polizia zauritu dira istiluetan. Antolatzaileen arabera, 12.000 lagun inguruk parte hartu zuten atzoko manifestazioetan eta polizia indarrek bi mila pertsona inguru identifikatu zituzten

Gaur goizean protesta gehiago izan dira eta hainbat tokitan autoak erre dituzte manifestariek. Ehunka pertsona gailurra egiten ari diren eremuan blokeatzen saiatu dira baina Poliziak ur kainoiak erabili ditu sakabanatzeko.