@belastegi
Donostia

Kontxako hondartzan Metroaren kontrako protesta egin du Satorralaiak

Pankartak hartuta hareara sartu dira manifestariak. Kontxa azpitik metroarentzako tunel bat eraikitzea «erokeria» dela diote, Donostia bezalako hiri batean halako garraiorik beharrezkoa ez dela argudiatuta.

Harean bertan egin dute protestaldia. (Jon URBE | ARGAZKI PRESS)
Harean bertan egin dute protestaldia. (Jon URBE | ARGAZKI PRESS)

Mila pertsona inguru bildu dira eguerdian Donostiako Easo plazan Satorralaia plataformak deituta. Kantuekin eta esloganak errepikatuz, hiriguneko kaleetan barrena abiatu dira Kontxako hondartzako erlojuetara iritsi arte. Bertan, «Metroa Kontxa azpian, erokeria!» zioten pankartak hartuta eta «Stop metroari» aldarriarekin, hareara jaitsi dira etzanda zegoen jendearen arreta piztuz. Bitartean, adierazpena irakurri dute, paseatzen ari zen jendearen artean ere banatu dutena.

Satorralaiako kide diren Ana Pastorizak eta Arantxa Zubizarretak hartu dute hitza. Adierazi dute obrak «200 milioi euroko kostua» lukeela, gutxienez, lau kilometroko ibilbidea eratzeko. Plataformak «diru xahutzea» dela azpimarratu izan du beti. «Lau urteko eraikuntza lanak dira, erdialdea eta Antigua auzoa hankaz gora jarrita, hirigunean afekzio larriak eraginez eta hainbat eraikinen egonkortasuna arriskuan jarriz, zarata, hauts eta kutsadura gehiago sortuz», azpimarratu dute.

Era berean, udal gobernuak Metroaren alde ematen dituen argudioei kontra egin diete: «Esaten dutenez, erdialdera eta hondartzara iristeko beharrezkoa da. Gezurra da. Amara, Easoko tren geltokia, lau minutura dago oinez Artzai Onetik eta zazpira Kontxatik. Esaten dute Amara-Easoko egungo geltokia lurperatu behar dela zaratak gutxitzeko eta bidaia arinagoa egiteko. Gezurra da. 7,5 minutuko frekuentziak ahalbidetzen ditu jadanik eta, gainera, Pasanteak ez luke kostaldeko trenetako bidaiariek egiten duten tren-aldaketa ekidingo. Bestalde, zarata gutxitu nahi bada, egungo trenbidea estaltzea konponbide merkeago eta ekologikoagoa litzateke. Hitzematen dute autoen trafikoa murriztuko dela. Gezurra da. Kotxeen %1,5 soilik gutxituko litzateke, Dbus-ek bidaiarien %21 eta Lurraldebusek %29a galduko lituzken bitartean».

Amaitzeko, bizilagunei protestetan parte hartzeko deia luzatu diete. Batez ere, espero dute gazteak gehiago inplikatzea.