NAIZ
DONOSTIA

EPPK-k «ondo» ulertu du agertoki politiko berriari egin behar dion ekarpena, Sorturen iritziz

«Etorkizunera» begiratzen duen txostena da EPPK-k publiko egin berri duena, Sorturen iritziz. Kolektiboak une honetan dagokion papera «ondo» ulertu duela ere gaineratu du alderdi independentistak, eta honek beharrezkoa izango duen «kohesioa eta herriarenganako lotura» bermatzea eskatu du.

Antton Lopez eta Oihana Garmendia, prentsaurrekoan. ( @sortuEH)
Antton Lopez eta Oihana Garmendia, prentsaurrekoan. ( @sortuEH)

EPPK-k azken hilabeteetan garatutako eztabaidaren ondorioen berri eman duen honetan, Sortuk aipatu ondorioen inguruko bere balorazioa egin du prentsaurrekoan. Oihana Garmendia eta Antton Lopez agertu dira medioen aurrean, eta azpimarratu duten lehen gauza izan da kolektiboaren txostenak «etorkizunera» begiratzen duela.

Eragileen arteko elkarlanari ematen zaion garrantzia azpimarratu ostean, kolektiboak une honetan dagokion papera «ondo» ulertu duela uste du Sortuk: «Jakin izan du iraganeko posizioetatik mugitzen euskal gizartearekin batera aritzeko».

Txostenaren hainbat elementutan egin du azpimarra Sortuk: hau publikoa eta gardena dela, hots, ez dagoela ezer ezkutatzeko; kolektiboak ezker abertzalearen ildo estrategikoarekin bat egiten duela, alegia, kartzelak husteko eta prozesu independentista sustatzeko ekarpena egiten duela; eta ildo judiziala jorratzeko garaian preso bakoitzaren esku egongo dela zer nolako urratsak egingo dituen erabakitzea.

EPPK-k beharrezko izango dituen «kohesioa eta herriarenganako lotura» bermatzea eskatu dute Garmendia eta Lopezek, eta ohartarazi dute ez dela «erraza» izango lege arruntaren erabilera  kartzelak husteko helburuarekin: «Adierazle guztiek erakusten dute Estatuak 7/2003 salbuespen legedia erabiltzen segitu nahi duela».

Gatazkan parte hartu duten eragile guztiei deia luzatu die Sortuk, euren posizioetan mugimenduak egin ditzaten: «Izan ere, iraganeko eskemetan 'enrokaturik' ez dago bakea eta bizikidetza eraikitzerik, ezin da eraiki bake iraunkor eta justu bat».