NAIZ
BILBO

Emakundek Bizkaiko erresidentzietako grebalariekin biltzeari uko egin diola salatu dute

Bizkaiko erresidentzien alorreko langileen %90a emakumeak izanda gogor salatu dute Emakundek bilera bat egiteari uko egin izanak 200 egunetik gora egin duen greba burutzen ari diren grebalarien ordezkariek.

Grebalariek ekainean Emakunderen aurrean egindako kontzentrazioa. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Grebalariek ekainean Emakunderen aurrean egindako kontzentrazioa. (Juanan RUIZ/ARGAZKI PRESS)

«Greba batek 200 eguneko langa gainditu duenean gero eta jende gehiagoren jakinmina pizten du, baita elkartasuna piztu ere. Halere, harritzekoa bada ere, gure ekitaldietan ez dugu Emakumearen Euskal Erakundearen, alegia, Emakunderen ordezkari bat ere ikusi; ekitaldi mordoa egin dugu, gainera. Baina Emakundek ikusi al gaitu? Edo zuek ere ez gaituzue ikusten?», salatu dute grebalarien ordezkariek.

«Honako hau gatazka feminizatu bat da (sektoreko plantillaren %90 emakumeak gara). Grebaren zergatia sinplea da: enpresaburu askok ez gaituzte behargin gisa ikusten, emakume, eta, hartara, zaintzaile natural gisa baizik, eta horrek ‘negozio’ hau etekin handiak metatzeko bide bihurtzen du. Emakunderentzat gai hau ezaguna izan beharko litzateke, aspaldi baitabil sexu-segregazioa salatzen. Nola liteke segregazioa oro har salatzea eta kasurik konkretuenetako batean, Bizkaiko erresidentzienean, beste aldera begiratzea?», gaineratu dute Emakumenderen ezezkoaren aurrean.

«Egia esan, beste erantzun bat espero genuen, baina antza denez botere publikoentzat eta, bereziki, emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatu beharko lukeen erakundearentzat ez da lehentasuna 5.000 langilek osatzen duten kolektiboak pairatzen duen lan- eta bizi-prekarietatea. Badirudi greba hau hain gogorra izanda ere, –patronala ez dago negoziatzeko prest eta Bizkaiko Aldundiak bere ardurari muzin egin dio patronalaren alde lerratu–, ez dela nahikoa Emakundek aintzat har dezan», adierazi dute.