Ane URKIRI ANSOLA

Irribarrez beteriko trantsizioa, irailean errealitatera itzuli aurretik

Beharrezkoa da aurtengoa azken urtea izatea», adierazi dio GARA-ri Maiatzak 20 elkarteko lehendakariak. Haur sahararrak beraien lurraldean askatasunez eta bakean bizitzea da xede nagusia, eta horretarako erakundeei Saharako arazoari konponbidea ematea eskatzen diete «oporrak bakean» ekimenetik.

Tolosaldeko harrera etxeko nagusiek Zerkausiko azokan utzi zuten beren haur sahararra. “Oporrak bakean” ekimenari esker, ekintzaz beteriko arratsaldea pasatu zuten Anoeta, Tolosa eta Villabonako etxeetan zein eskualdeko aterpetxean udara igarotzen ari diren gaztetxoek.

«Beraientzat trantsizio moduko bat dira bi hilabete hauek, badakite irailean errealitatera itzuliko direla», onartu zuen Begoña Reyk, aurten, hamazazpi urteren ondoren gazte sahararra hartzera itzuli dela azaldu ostean. «Nire haurrak dio gehiago ez dela etorriko, zopa eta purea jaten ematen diodalako», kontatu zuen barre artean. Une onak eta zailak igarotzen dituzte, guraso zein haurrek, edozein seme-alabekin legez.

«Ez dauka zentzurik»

Aurten hamar familiak eman dute izena Tolosaldean eta beste hamabi haur aterpetxean daude. Guztien poza agerian geratu zen zumba saioan eta errekan barrena piraguan zebiltzala. Sahararrak izanik ere arraunean estiloa zuten batzuek, ausardiaz bete ziren guztiak.

Elixabet Eizagirre, Maiatzak 20 elkarteko lehendakariak nabarmendu zuen ekimena ezohiko egoera batean sortua dela, eta beraz, «azkenekoa izan behar da, ez du zentzurik». «Mendebaldeko Saharara itzultzeko eta erabakitzeko eskubidea izan behar dute», laburbildu zuen, «eta, adibidez, zumba saio honetaz bertan gozatzeko ere bai».