NAIZ
ONDARROA

Askatasuna berreskuratu du Kemen Uranga ondarroarrak

Londresen atxilotu zuten Kemen Uranga ondarroarra orain bost urte, Estatu espainiarrak britainiarrari bidalitako euroagindu bat medio. Igande honetan berreskuratu du askatasuna Urangak.

Kemen Uranga, lagun eta senideekin espetxetik atera ostean. (@TxominLAramaio)
Kemen Uranga, lagun eta senideekin espetxetik atera ostean. (@TxominLAramaio)

2012ko abuztuaren 8a zen Kemen Uranga ondarroarra Londresko Kentish Town auzoan atxilotu zutenean. Estatu espainiarreko segurtasun indarrek ETArekin zerikusia zuelakoan haren aurkako euroagindua eskatu zuen, eta Polizia britainiarrak atxilotu zuen.

Atxilotu eta lau hilabeteren buruan onartu zuten haren estradizio eskaera.

43 urte zituen atxilotu zutenean, eta bost urte beranduago berreskuratu du bere askatasuna. Espetxetik ateratzean zain zituen bere lagun eta senideak, eta Ondarroako herriak ongi etorria emango dio arratsalde honetan, 19.00etan Alde Zaharrean.

Darocako espetxean amaitu du bere kartzelaldia, epaileak ezarritako zigor osoa bete ostean. Aurrez errefuxiatu ere izana da Uranga, eta 12 urte igaro zituen erbestean.

Hala, 17 urte Ondarroatik kanpo egin ostean itzuli da igande arrats honetan sorterrira. Bertan ongi etorria egin diote preso ohiari, preso politikoen eskubideen aldeko eguna biribilduz modu horretan. Izan ere, Ondarroa izan da, Etxeratek deituta, sakabanaketa eta urrunketaren aurka, giza-kateak osatuz, Euskal Herriko hondartzetan mobilizatu den herrietako bat.

Nola goizeko mobilizazioetan, hala Kemen Urangaren ongi etorri ekitaldian, hamarnaka izan dira abuztuko lehenengo igande honetan euskal presoen eskubideen alde Ondarroan mobilizatu diren herritarrak.