NAIZ

Villabonako emakume bat hil du senarrak labankadaz Caceresen

Extremaduran, Cacereseko Arroyo de la Luz herrian bizi zen Villabonako emakume bat hil du labankadaz bere senarrak, bertako agintariek eman duten informazioaren arabera. Goizeko zazpiak aldean izan da gertakaria. 

Extremadurako agintariek jakinarazi dutenez 42 urteko Villabonako (Gipuzkoa) emakumea da goizean ustez senarrak labankadaz hil duena. Extremaduran, Cacereseko Arroyo de la Luz herrian bizi zen bikotea azken hamabost urte hauetan, bertakoa baita gizona. 

Goizeko zazpiak aldean izan dira gertakariak, poliziak jakinarazi duenez eztabaidan ari zirela eraso egin dio gizonak emakumeari labana batekin. Atxilotuta dago senarra eta itxuraz zauriak dituelako artatua izaten ari dira bertako ospitale batean. 

Arroyo de la Luz herrian izan da gertakaria eta bertako Udalak Osoko bilkura berezia deitu du hilketa salatu eta zer neurri eta protesta deitu erabakitzeko. 

Gipuzkoako Batzar Nagusien adierazpena

«Gipuzkoako Batzar Nagusiek argi eta garbi gaitzesten dute Maria Sofia Tatoren erailketa» esanez hasten den Erakunde Adierazpena onartu dute. Adierazpen berean «emakumeen eta beren familia-ingurunearena urkako indarkeriaren agerpen guztiak gaitzesten» dituztela diote eta indarkeria matxista «lehen mailako arazotzat» jotzen dutela. Hilketa hau «emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasun bidegabeen agerpenik larriena» dela diote Batzar Nagusiek eta «berauen arteko botere harremanetan» duela jatorria, «emakumeak mendean edukitzeko helburuz».