naiz

Mikel Otegi euskal preso politikoa Toledoko ospitalean dago bihotzekoa izan ondoren

Mikel Otegi, Ocaña I espetxean dagoen preso politiko goierritarra, Toledoko Virgen de la Salud ospitalean ingresatua aurkitzen da gradu ertaineko bihotzekoa sufritu ostean. Larri gaixo dauden euskal presoen askatasuna aldarrikatu du Etxeratek.

Mikel Otegi euskal preso politikoa Toledoko ospitalean ingresatu behar izan dute, gradu ertaineko bihotzeko bat pairatu ondoren. Atzo, ondoezik sentitzen zela, espetxeko erizaindegira hurbildu zen eta monitorizatu ondoren, ospitalera trasladatua izan zen Mikel. Azken albisteen arabera, bere egoera egonkorra da.

Senitartekoak Euskal Herritik Toledoko ospitalera abiatu ziren Otegik sufritutako ezbeharra jakin bezain pronto, eta atzo gauean euskal presoa bisitatzeko aukera izan zuten une batez. Etxeratek kilometroek eta urrunketak kasu honetan ere suposatu dutena salatu dute. «Egoera larri baten aurrean, beste behin ere, dispertsioak eta urrunketak erabat zailtzen du presoaren senideek ezbeharrari aurre egiteko jarduera, krudelkeria osoa agerian utziz».

Modu berean, euskal preso politikoen senideen kolektiboak «elkartasun guztia eta animoak» helarazi dizkio Otegiri eta haren senideei.

Egoera honen aurrean, Ibon Iparragirreren egoera ere ez dute ahaztu. «Estatu espainiarrak euskal preso politikoen egoera muturreraino eramateko prestutasun osoa agertzen duela salatu nahi dugu. Horren adibide dugu Ibon Iparragirre preso ondarrutarrak pairatzen ari den gupidagabeko egoera».

«Muturreko egoera hauen aurrean, Ibon eta larri gaixo diren euskal preso politikoen askatasuna exijitzen dugu, ezin baitugu gehiago itxaron. Horrez gain, Mikel eta gainontzeko euskal presoen euskal herriratzea aldarrikatzen dugu».